Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
Programa, herritarrekin egindako ekintzetan lortutako erantzunen emaitza da, eta hiru ataletan oinarritu dugu.
Lehenengoa, ekintzailetza eta komertzioa suspertzea: autobusaren eta garraio publikoaren ibilbidea birmoldatzea, itsasbideetatik eta zerbitzu publikoetatik hurbil dauden lekuetan geldialdiak jartzea, ibilgailu pribatua erabili barik, herritarrak ailegatu daitezen; eta negozioa irekitzeko beharrezkoak diren neurrien berrikusketa egitea, tramiteak eta baimenak bizkortuz.
Bigarrenik, herria eta natura zaintzea: auzoetako argiztapena, instalazioen mantenua eta garbiketa hobetzea; udaletxearen ekipamenduaren txostena egitea (eraikuntzen ebaluazioa, polikiroldegia eta gainontzekoa, eta erabilera, arazo eta beharren parametroak aztertzea); adin guztientzako jolasleku eta gune inkusiboak prestatzea, herritarrak bai kalean, bai estalpean erabili ditzaten; eta, ingurugiro naturalaren kudeaketa egitea (pinudia, hondartza, eta itsaslabarrak).
Hirugarrenik, kultura berpiztea: urte osoan zehar, edozein adinetarako ekitaldi inklusiboak dituen kultura egitarau sendoa garatzea.
Horretaz gain, transbertsalitatea bermatuko dugu ekimen guztietan: gardentasuna, komunikazio eta informazioa, gobernantza etikoa, genero berdintasuna, eta diru-laguntzei buruzko ikerketa.
Zeintzuk dira zuen ustez Gorlizek dituen arazo nagusiak?
Azkenengo urteetan Gorlizko bizitza itzali egin da. Komertzioari eta ekintzailetzari izugarrizko kaltea eragiten dieten neurriak hartu dituzte, beti alde bakar batek hartuta. Garbiketa eta argiztapenarekin arazoak daude, baita instalazioen mantenuarekin ere. Kiroldegiko eraikin berria, proiektuaren arazo eta hutsak direla eta, ireki behar zutenetik 3 urte luze pasa dira eta gaur egun itxita jarraitzen du. Adineko jendea ezin da garraio publikoaren bitartez beharrezkoak diren zerbitzuetara gerturatu, Gorlizko zentrotik autobusa ez baita pasatzen. Ez dago urte osorako inolako proiektu kulturalik ezta edozein adinetarako parke estalirik. Gainera, Udalari eskakizun hauek egitean, ez dugu inolako babesik jasotzen.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
Gorliz Bizirik, auzoz-auzo ibili da auzotarren beharrizanak entzuten eta proposamenak azaltzen. Horretaz gain, inkesta handia egin genuen informazio bila eta 262 auzotarren iritzi eta proposamenak bildu genituen. Lortutako informazioa, auzo eta adinetan segmentatu dugu programa sendo bat lortzeko asmoz. Informazio guzti honen bitartez programa sendoa sortu dugu. Gainera, programaz aparte, astean behin alkatetzatik zuzeneko arreta jartzeko asmoa dugu, baita auzo guztietan ordezkari bat ere, herritarrenganako harremana hurbilagoa izan dadin.
Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?
Gorliz Bizirik-eko kideek irabazteko helburua dugun arren, Gorlizentzat onuragarria izatekotan, gainerako alderdiekin hitz egiteko prest gaude, esan bezala, beti onura bilatzeko asmoz.
Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?
Alternatiba herrikoia eta hurbila gara, ilusioz betetako taldea. Gainera, erronka gogorrak gainditzeko, arlo askotan ezagutza handiak dituzten kideak ditugu, adibidez, lege-arloan, ekonomikoan edota administratiboan. Horretaz aparte, ez dugu Bilbotik edota Gasteizetik datorren inolako ildorik. Herriarekin eta herritarrontzat egin behar dugu soilik lan.