Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
Hasteko, etxebizitza eta gazteriari dagokionez, gure udalerrian etxebizitza publiko eta tasatua sustatuko dugu. Izan ere, gure gazteak Gorlizen geratzeko eta beren etorkizuna hemen garatzeko lan egiten dugu. Halaber, kultura eta elkarteei dagokionez, balio anitzeko kultura zentro berri bat eraiki nahi dugu, gorliztar guztien topagune izan dadin. Gainera, euskararen normalizazioa eta erabilera udalerriko egunerokoan sustatu nahi dugu.
Gizarte- eta hezkuntza-programak sustatzea ere garrantzitsua da guretzako, ikastetxeekin eta hezkuntza-eremuarekin zerikusia duten elkarteekin (guraso-elkarteekin, udalerriko kultura-elkarteekin eta kirol-elkarteekin) lankidetzan. Kirola eta osasunari dagionez, udalerriko kirol-eskaintza handitu nahi dugu, egungo instalazioak hobetuz eta kirola egiteko eremu berriak irekiz. Horrez gain, Berdintasun Plana lantzen gaude eta aurrera egiten jarraitzen dugu emakumeen aurkako indarkeriaz sentsibilizatzeko eta indarkeria hori desagerrarazteko.
Bestalde, iraunkortasunari eta ingurumenari dagokionez, udalerriko karbono-aztarna murriztu nahi dugu, birziklapena sustatu, 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko helburuak bete eta garraio kolektiboa bultzatu. Halaber, hirigintzan, HAPNren behin betiko onarpena egingo dugu. Modu horretan, gure auzoetako irisgarritasuna eta hiri-hornidurak hobetzen jarraituko dugu.
Merkataritza eta berrikuntza arloan, tokiko merkataritza bultzatzeko baliabide gehiago bideratuko ditugu. Horretarako, berrikuntzarako eta saltoki berriak irekitzeko laguntzak eskainiko ditugu. Gizarte-ongizateari dagokionez Etxean Eroso programa bultzatuko dugu, gure adinekoen mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko beren etxebizitzetan. Hala, bizi-kalitatea hobetu nahi dugu mendekotasuna murrizteko: etxean irautea sustatzeko. Gainera, ludoteka bat sortu nahi dugu haurrentzako eta Gazteleku bat gure gazteentzat.
Azkenik, herritarren parte hartzea eta gardentasuna hauspotu nahi dugu herritarrek parte hartzeko programekin eta garatzeko partida ekonomikoak handituko ditugu. Betiere Gorlizko bizilagunen proposamenak aktiboki entzungo ditugu eta gardentasuna bermatuko dugu udal-kudeaketan
Zeintzuk dira zuen ustez Gorlizek dituen arazo nagusiak?
Momentu honetan ditugun arazorik larrienak etxebizitza eta elkarteentzako leku falta dira.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
Hamar urte baino gehiago lantzen ibili ondoren, HAPOaren udal-tramitazioarekin bukatu dugu. Hau ezinbesteko bidea da Gorliz handitzeko eta ekipamenduak izateko. Bertan etxebizitza publikoak eta tasatuak daude jasota, baita kultura ekitaldiak eta elkarteentzako auditorio bat eraikitzeko bidearekin hasteko plana ere.
Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?
Gu hauteskundetara irabaztera goaz. Beraz, 28tik aurrera ikusiko dugu. Gure taldea beti egon da harremanetan beste partiduekin haien asmoa eraikitzea izan denean. Eta horrela jarraituko dugu, herritar gehiengoaren nahia betetzen.
Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?
Programa erreala, landua eta adostua aurkezten duen talde bakarra gara. Zentzuz landutako eta proiektuz betetako programa. Etorkizunari begira dauden proiektuak, etorkizun oparoa, jarduera ekonomikoari bultzada handiagoa emango diona. Proiektu asko eta helburu bakar bat, Gorliz hobe baterantz aurrera egitea. Jasangarriagoa, bizi-kalitate handiagokoa, eskuragarriagoa eta erakargarriagoa. Alderdi serioa gara, badakigu zertaz ari garen, eta ez dugu konponbide errazik proposatzen arazo zailetarako.