Elkarrizketak

Alberto Romillo: "Ez zait burugabea iruditzen Munduko Kick Boxing Txapelketara joatea"

Nahia Martinez Gondra 2023ko eka. 14a, 08:00
Egun kick boxing-eko lehiakidea izateaz gain, entrenatzailea ere bada Alberto Romillo. © IKER RINCON MERINO

Luzaroan teknikari gisa lan egiten egon ostean, aurten Alberto Romillok bere entrenatzaile papera lehiakide izateagaz uztartu du. Modu horretan, Espainiako Kick Boxing Txapelketan lehiatu da, eta, espero ez zuen arren, etxera bueltatu da bi urrezko dominagaz; lightcontact eta kicklight kategorietan, hain zuzen ere. Horregatik, beragaz hitz egiteko aukera izan dugu garai berri honetan nola sentitzen den ezagutzeko, baita entrenatzaile eta lehiakide izatearen arteko ezberdintasunez mintzatzeko ere.

Nola sartu zinen kick boxing-aren munduan?

Ez dut gaztetan hasten den ume baten istorio tipikoa; ni nahiko heldua nintzela hasi nintzen. Atletismoa, futbola eta beste kirol batzuk egin ditut betidatik, baina garai batean kirolik gabe geratu nintzen, eta gimnasio batean izena eman nuen. Bertan, kick boxing-eko eskolak ematen zebilen egun nire maisua den Alvaro Orellana, 2005ean. Beragaz hasi nintzen eta, gero, pixkanaka, profesionalizatzen joan nintzen. Gaur egun klubean entrenatzaile moduan klaseak ematen ditut, eta, horiek, lehiaketakaz ere uztartzen ditut.

Aurten teknikari gisa parte hartzetik lehiakide bezala parte hartzera pasatu zara Espainiako Kick Boxing Txapelketan. Nolakoa izan da beste aldean egotea?

Asko gustatu zait lehiakide bezala aritzea urte asko pasatu direlako azkenekoz lehiatzen aritu nintzenetik. Orain arte, teknikari gisa parte-hartu dut eta nire lana entrenatzen duen jendea prestatzea izan da, baita lehiakideak txapelketetarako gidatzea ere. Baina lehiakide gisa parte-hartzea oso desberdina da: zure ikasleak pixka bat ahaztu behar dituzu, alde batera utzi, eta berekoi samarra izan. Lehiakideak bere garapenari begiratu behar dio; orduan, txapelketa batean nagoenean, besteak ahazten ditut, eta ezin naiz haien atzean egon. Lehiatzeko, entrenamenduetan eta txapelketetan guztiz zentratu behar zara.

Zergatik erabaki zenuen hainbeste denbora eta gero berriro ere lehiakide gisa parte-hartzea?

Duela asko ez nuelako egiten, fisikoki ondo nengoelako, eta nire ikasleentzako eredu izan gura nuelako. Zer egin behar duten esateaz gain, nik esandakoa ipuin bat ez dela ikus dezatela gura dut. Hala, entrenamenduetan nik haiek egiten dituzten ariketa berberak egiten ditut; gauza berberak eskatzen dizkiot nire buruari, nahiz eta haiek baino urte askoz gehiago ditudan. Azken finean, ahaleginean hezi gura ditut nire ikasleak.

Txapelketan bi urrezko domina irabazi dituzu. Nola sentitzen zara?

Ez nuen espero. Ez nekien zegaz egingo nuen topo, baina, hala ere, ni edozertarako prest joan nintzen. Urte asko ziren lehiatzen ez nintzela, zirkuitutik kanpo egon naiz aspalditik eta ez da gauza bera txapelketa ikustea edota barruan egotea. Baina behin barruan egonda, eroso sentitu nintzen eta dudan maila lehiatzeko egokia dela ikusi dut.

Zein profil nahiago duzu: entrenatzailerena ala lehiakidearena?

Egia esan ez dut inoiz galdera hau planteatu. Nik lehiatzea asko gustuko dut, izan ere, entrenamenduakaz biziki gozatzen dut. Baina beste aldetik, nik dakidan hori besteei erakustea eta besteek ere horretaz disfrutatzea ikaragarria da. Oso grinatsua naiz eta kirol honek alderdi fisikoaz gainera, oso alderdi emozional indartsua du.

Horregatik, nahiz eta badakidan lehiatzeak iraungitze data bat duen, entrenamenduak jasotzearen edota ematean artean, entrenamenduak jasotzeagaz geldituko nintzateke. Izan ere, hori da gehien disfrutatzen dudan gauza.

Zer da gauzarik garrantzitsuena edozein pertsona entrenatzeko orduan?

Pertsonaren beharretara egokitzea da funtsezkoena. Ikaslearen potentziala zein den jakin behar dut, ezagutu, eta egiten dakienera egokitu. Zentzu horretan zenbait gauza eskatu behar dizkiozu eta egin ditzakeen erronkak proposatu, baina ez alderantziz: entrenatzaile gisa ezin dezaket inposatu nire egiteko modua, lehiaketa mailan ezin baitiet gauza bera eskatu bi pertsonari. Izan ere, gaitasun desberdinak eta bizitzaren ikuspegi desberdinak izan ditzakete. Horregatik, ikasle bakoitzari bere garapenerako tresnak eman behar dizkiot bere beldurrak gainditzen laguntzeko.

Eta lehiakide gisa zer da garrantzitsuena?

Entrenatzen duen kirolari gisa, entrenamenduetan diziplinatua izatea da garrantzitsuena. Gogoak izan edo ez, txapelketak izan ala ez, entrenatu egin behar da. Gainera, lehiakide gisa ez zara oso kalkulatzailea izan behar, baizik eta grinatsua: beti aurrerantz joan behar duzu. Gero, txapelketan, bakoitzak bere estrategia izango du, baina beste pertsona bategaz lehiatzeko momentuan, besteak baino plus bat gehiago eman behar duzu. Askotan hori ez da entrenatzen; izan behar duzu edota kopiatu dezakezu. Baina aurrez aurre duzun pertsonak ez duen gauza desberdin hori eduki behar duzu, pasiozko gauza hori.

Orain, lehiatzen jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, noski. Behin urrezko domina bat irabazten duzunean Selekzio Nazionalean sar zaitezke eta Munduko Txapelketara joan, eta momentu hauetan ideia hori ez zait burugabea iruditzen. Ekaineko lehen astean kontzentrazio bat daukat, eta bertan azkenean hautatzen banaute, Lisboan izango den hurrengo Munduko Txapelketara joatea espero dut. Sinestezina da niretzako, izan ere, denboraldi honetan lehiatzen ez egotetik denboraldia Munduko Txapelketan amaitzera alde handia dago. Joateko ilusioa dut, han egoteagatik bakarrik bada ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun