3 urteko semea duen gorliztarra

Olatz Martin: "Barikuetan ez dago pediatra bakar bat ere Gorliz, Plentzia, Barrika eta Lemoizko umeentzako"

Nahia Martinez Gondra 2023ko abu. 31a, 09:43

Gorlizko Etengabeko Arreta Gunearen aldeko elkarretaratzea, 2020an. © ESK

Pasa den eguaztenean, abuztuaren 23an, gertakari larria gertatu zen Gorlizko osasun-zentroan: Olatz Martinek bere 3 urteko haurra eraman zuen anbulategira umea zorabiatuta zegoelako. Bertan, opor-garaian Osakidetzak ez duenez pediatrarik bermatzen, erizain batek artatu behar izan zuen umea, eta, azkenean, hipogluzemia larria diagnostikatu ostean, Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten. Martinek HIRUKAri adierazi dion bezala, oraindino ez du "sustoa kendu gorputzetik". Hala, Gorlizko eta Plentziako hainbat gurasok elkarretaratzea deitu dute biharko, barikurako, 13:00etan, Plentziako osasun-zentroaren aurrean, "Osakidetzari zerbitzu duin bat exijitzeko". 

"Pasa den eguaztenean bizitakoa oso larria izan zen", adierazi du Olatz Martinek, 3 urteko haurraren amak. Hala, aspaldiko arazoa dela baieztatu du: "Herri osoa dago kontu honengatik oso nekatuta. Pila bat aldiz aldatu dituzte pediatrak, eta nahiz eta idatziak zabaldu, berdin jarraitzen dugu. Nire umeak 3 urte ditu, 4 egiteko martxoan, eta horrela daramagu betidanik. Orain behintzat pediatrak plaza finkoa du, baina duela gutxira arte ez zen horrela eta egun batzuetan egoten zen, eta beste batzuetan ez".

Azaldu duenez, honakoa da Gorlizen eta inguruko herrietan bizi duten egoera: "Gorlizen momentu honetan ez dago pediatrarik, oporretan dagoelako. Orduan, Gorlizko erizainak balorazio bat egiten du eta berak adierazten dizu ea Plentziara jo behar duzun ala ez. Baietz esatekotan, Plentziara joan zaitezke, baina arazoa da, barikuetan pediatrak lanaldi murriztua duenez, egun horietan ez dagoela inor. Beraz, barikuetan ez dago pediatra bakar bat ere Gorliz, Plentzia, Barrika eta Lemoizko umeentzako. Pila bat lagun gaude udan, eta zerbait egin beharra dago".

Halaber, pediatra ordezkatzeko familia-mediku bat jarri dutela dio Martinek: "Pertsona hori ez da aditua haurren osasunean. Berak ahal duen guztia egiten du, baina ez deko ezagutza nahikorik umeak ondo artatzeko. Botikak emateko jakin behar dozu zer kantitate eman ume bati, eta berak ez daki oso ondo. Adibidez, nire umeari analitika bat egin diote eta beste zita bat hartu behar izan dut baloreak gaizki eskatu dituelako. Ez da bere errua, baina ume txikien osasuna da, eta gauza serioa da".

Horregatik, egoera hori aldatzeko, Gorlizko eta Plentziako hainbat gurasok elkarretaratzea deitu dute biharko, barikurako, 13:00etan, Plentziako osasun-zentroaren aurrean: "Guraso guztiak mugitzen ari gara biharko elkarretaratzea prestatzeko eta bertan zerbitzu duin batzuk exijitzeko. Pediatrak oporrak hartzen baditu, edota lanaldi murriztua eskatzen badu, beste pediatra bat egotea bermatu behar digute". Hala, biharko elkarretaratzeagaz espero dute lortzea Gorliz eta Plentziako pediatrak "behingoz mantentzea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun