Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentzia herrietan Osakidetzak eskaintzen duen pediatria-zerbitzuaren prekaritatea salatu dute

Iker Rincon Moreno 2023ko abu. 31a, 10:00
Gorlizen Etengabeko Arreta Gunea zabalik mantentzearen aldeko manifestazioa ere egin zuten 2020an herritarrek.

Gorlizko eta Plentziako hainbat gurasok elkarretaratzea deitu dute biharko, barikurako, 13:00etan, Plentziako osasun-zentroaren aurrean, Osakidetzak inguruko udalerrietan eskaintzen duen pediatria-zerbitzuaren "prekaritatea" salatzeko. Izan ere, deitoratu dute egoera horrek haien seme-alaben osasuna arriskuan jartzen duela, eta mahai-gainean jarri dute joan den astean izandako gertakari bat, "modu tamalgarrian amai zitekeena".

Guraso taldeak joan den abuztuaren 23an Gorlizko osasun-zentroan pairatutako gertakaria azaldu dute, puntuz puntu, horrela: "Abuztuaren 23an, eguerdian, ama bat Gorlizko osasun-zentrora joan zen 3 urteko semearekin. Haurra zorabiatuta zegoen, zurbil eta izerditan. Mediku pediatrarik ez dagoenez —Osakidetzak ez ditu hauen oporrak betetzen—, erizain bat arduratu zen adingabea artatzeaz eta pediatra batek beste zentro batean tratatu behar duen ala ez ebaluatzeaz. Erizainak gluzemia-proba egin zion haurrari, eta hipogluzemia diagnostikatu zion. Azukrea eman ondoren, haurrak eta amak anbulatoriotik alde egiten zuten".

Hala, ama eta semea etxera joan ziren, baina, gurasoek salatu dutenez, adingabearen egoerak okerrera egin zuen, "eta hasierako sintomei gorakoak gehitu zitzaizkien". Hala, Gorlizko anbulatoriora itzuli eta, egoera hain larria zenez, erizainak berak eraman zituen haurra eta ama autoan Plentziako osasun-zentrora. "Une horretan alternatiba bakarra zen, Urdulizko ospitaleak ez baitu pediatria-zerbitzurik eta ez zuten Gurutzetako ospitalera iristeko denborarik".

Plentziako osasun-zentroan pediatrak odoleko azukrea neurtu zion berriro umeari, eta berehalako laguntza pediatrikoa behar duen hipogluzemia larria diagnostikatu zioten. "Larrialdiko tratamendua eman zion haurrari, eta, logikoa denez, bere pazienteak ez zituen artatu. Ordubetez alferrik saiatu ondoren haurraren odolean azukre-mailak normalizatzen —balioak 32an mantentzen ziren—, doktoreak glukagoi-injekzio bat eta glukosa-boloa emateko bide bat jartzea erabaki zuen. Helburua egonkortzea zen, anbulantzia medikalizatu batean Gurutzetako ospitalera eraman zezaten".

"Puntu horretan, profesionalek ohartarazi zuten glukosarik ez izateak eragina izan dezakeela garunaren funtzionamendu egokian. Hau da, hipogluzemia larriak edo iraupen luzekoak kalte larria eragin dezake garunean. Horregatik, kasu honetan, berebiziko garrantzia zuen berehalako laguntza medikoak", azaldu dute gurasoek.

Gurutzetako ospitaleko alta-txostenak jarraipen pediatrikoa ezarri zuen hurrengo 24/48 orduetan, gaineratu dute. "Hala ere, haurrari dagokion pediatra irailaren erdialdera arte ez da lanera itzuliko, eta Gorlizko anbulatorioak ez du ordezkorik. Aukera bakarra pediatriako hitzordua Plentzian eskatzea da. Baina pediatrak lanaldi-murrizketa du, eta hura ez dagoenean, familia-mediku bat da kontsulta pasatzen duena eta bere esku dagoena egiten du".

Ez da egoera berria

Salatu dutenez, abuztuaren 23 horretan bizi izandakoa ez da salbuespena, "ezta gertaera isolatua ere; icebergaren punta da". Deitoratu dute urtean zehar askotan Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentzian pediatria-zerbitzurik bermatzen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez dituelako medikuen oporraldiak betetzen, eta arazo hori areagotu egiten da udaldian, "gure udalerrietako biztanle kopurua biderkatu egiten baita".

"Hori ere ez da berria. Bere garaian, Osakidetza pediatriako zerbitzua kentzen saiatu zen Plentziako anbulatorioan. Herritarren presioak eta mobilizazioak eragotzi egin zuten", gogoratu dute.

Horregatik guztiagatik, herritarren elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egingo dute bihar, barikuan, irailak 1, 13:00etan, Plentziako osasun-zentroaren aurrean.

Horregatik, eta deskribatutakoa bezalako gertakari gehiago saihesteko, herritarren elkarretaratzea eta prentsaurrekoa deitu nahi ditugu datorren ostiralean, irailak 1, 13:00etan, Plentziako osasun zentroaren aurrean. "Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako guraso guztiak animatu nahi ditugu mobilizatzera, euskal osasun-zerbitzuak gure seme-alaben osasuna bermatuko duen zerbitzu duina eskain dezan". Horregaz, Osakidetzari eskatu gura diote Gorlizko eta Plentziako pediatria-zerbitzua urte osoan ziurta dezala, "pediatriako langile guztien bajak, lanaldi-murrizketak eta oporraldiak betez".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun