Gorlizko Udalak Ondarearen Europako Jardunaldiei hasiera eman die herriko altxorretako bat den latsarria oroituz XX. mendean zehar, latsarriak Gorlizko emakumeen bizipenen eta testigantzen lekuko izan ziren, izan ere, emakumeen harreman sozialerako guneak ziren. Gainera, herritarren garbiketarako eta zaintzarako garrantzi biziko jarduna egiten zen espazio publiko horretan. Latsarriaren atal bat zaharberritu dute oraintsu, eta indarra emateko, informazio-panel bat jarri dute bertan, herriko bizitzan duen garrantzia azpimarratzeko asmoz. Panel horretan, halaber, zirriborro bat dago behinolako ikuztegia nolakoa zen ikusteko, baita garaiko testigantzak irakurtzeko ere.
Ekimen interesgarri hori indartzeko, Latsariak dokumentalaren emisioa programatu dute. 2022an estreinatutako filma honek emakume latsarien bizipenak eta testigantzak biltzen ditu. Con Ciencia y Arte elkarteak sustatu du proiektua, emakume haiek egiten zuten lan neketsua gogora ekarri nahian. Izan ere, zeregin hura nahitaezkoa izan zen familien eta herrien osasungarritasuna eta bizi kalitatea bermatzeko. Film ertain horretan 13 emakumek beren esperientziak kontatzen dituzte. Urriaren 20an proiektatuko da Gorlizko udaletxean, arrastiko 19:00etan. Beharrezkoa izango da plaza erreserbatzea (korreoz info@visitgorliz.eus edo Gorlizko turismo bulegoan, aurrez-aurre edo telefonoz 946 774 348).
Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Ondarea Bizirik! jardunaldietarako bigarren ekimenak euskal mitologiaren misterioetan murgiltzera gonbidatzen ditu herritarrak. Urrian zehar, Sertutxena eraikinean Mitologia pertsonaiak erakusketa egongo da ikusgai. Hala, arreta handiz ilustratutako pertsonaia mitologikoen irudiak, deskribapen zehatzak eta izaki magiko horiei buruzko kondairak egongo dira. Halaber, Aritza Bergara idazleak egin ditu erakusketako deskribapenak, aditua baita euskal mitologiaren historian.
Gainera, Aritza Bergarak berak hitzaldi bat emango du euskal mitologiaren mundu misteriotsuan murgiltzeko eta Basajaun, Lamiak, Mari jainkosa eta beste izaki mitologiko batzuei buruz hitz eginez. Hitzordua urriaren 28an izango da, 19:00etan, Ibarreta plazan. Horrez gain, idazleak Gorlizko Ikastetxea bisitatuko du, euskal mitologiari buruzko bi hitzaldi emateko.
Bukatzeko, urriaren 31n, Gau Beltza ospatuko dute: arrastiko 17:00etatik aurrera Ibarreta plazan, musika, dantza tradizionalak eta jatekoa eskainiko dituzte. Hala, Gorlizko bizilagunek herriko euskal kultura eta mitologia ezagutzeko aukera izango dute gau ahaztezin batez gozatzen duten bitartean.