Nola aldatu da zure bizitza esklerosi anizkoitza diagnostikatu zizutenetik?
Guztiz. Bizitza berri batera moldatu behar zara eta, horretarako, egokitzapena funtsezkoa izan da. Gainera, gurpildun aulkiagaz, ibiltzeari uzten diozu eta ezin dituzu beste hamaika gauza egin: zure seme-alabakaz futbolean aritu, hondartzara oinez joan edota igerilekuan igeri egin. Horregatik, egokitu eta gauzak aldatu behar dituzu.
Noiz hasi zinen boxeoan?
Duela hiru urte. Izan nuen azken linfomatik berreskuratzen nengoenean, astean ordu erdiko pilates klaseetara joaten hasi nintzen. Aitzitik, niri betidanik gustatu zaidana boxeoa da eta, azkenean, Alberto Romillo irakasleagaz probatzea erabaki nuen. Astean behin entrenatzen hasi ginen eta, gaur egun, ez dakit nola gelditu. Neke fisikoaren aurka borrokatu behar dut, baina nigatik izango balitz egun osoan zehar entrenatuko nukeen. Egun, ezin dut nire bizitza ulertu boxeorik gabe.
Entrenatzeaz gainera, lehiatu ere egiten zara.
Bai. Nire entrenatzaileagaz boxeoa egiten hasi ginen eta, ondoren, kickboxing inklusiboan lehiatzen hasi nintzen. Kategoria existitzen bazen ere, inork ez zuen izena eman gurpildun aulkian, beraz, aitzindariak garela esan daiteke. Espainiako Estatuko bi txapelketatan aritu gara, eta beste hainbat lehiaketatan ere. Hurrengo hitzordua urriaren 14an dugu; Madrilen izango den lehiaketa batera goaz.
Gainera, elkarte bat sortu duzu.
Desgaitasunen bat duten pertsonei kirola egiten laguntzeko Ama, txo! elkartea sortu nuen. Hala, nik aurkitu ditudan oztopo batzuk eraisten saiatzen gara. Adibidez, gimnasioetara ezin gara gurpildun aulkian sartu edota dutxatu. Beste errealitate eta behar mota batzuk daudela erakutsi gura dugu
Zure egunerokoan zer oztopo aurkitu duzu gurpildun aulkian?
Adibidez, garraio publikoan, autobusek arrapala bat dute, baina elektrikoak direnez, egun askotan ez dute funtzionatzen. Niri askotan gertatu zait bertan geratzea eta nire bidaia ezin egitea. Bestalde, ez duzu kafe bat hartzen gustuko duzun lekuan, ahal duzun tokian baizik. Bainugela eta ate irisgarria duten lekuetan, zehazki.