Elkarrizketak

Ziortza Villa: "Basamortuko muturreko tenperatura izan da lasterketako gogorrena"

Nahia Martinez Gondra 2023ko aza. 15a, 13:58
Munduko Erlojupeko Txapelketan lehiatzen den bosgarren aldia da.

Ciclos Gorliz taldeko kidea den Ziortza Villak laugarren postua lortu du ultrafondoko txirrindularitzako 24 orduko Munduko Erlojupeko Txapelketan. Kaliforniako hegoaldean kokatzen den Borrego Springs basamortuan ospatzen da urtero lasterketa hori, eta muturreko tenperaturek eta gaueko iluntasunak bereziki zaila egiten dute lehiaketa. Horregatik, Villagaz hitz egiteko aukera izan dugu berak zeharkaldia nola bizi zuen ezagutzeko, baita lasterketa berezi horren ezaugarrien berri izateko ere. 

Laugarren postua eskuratu duzu Borrego Springseko 24 orduko Munduko Erlojupeko Txapelketan. Espero zenuen?

Azkenengo urteetan munduko txapelketetan lehiatzen aritu naiz eta hauxe izan da lehiaketa honetan parte hartu dudan bosgarren aldia. Hortaz, lasterketa ezagutzen dut eta beste partaideak ere. Laugarren bukatu nuen eta gutxi gora behera errendimendu hori espero nuen. Niretzat emaitza ona da kontuan hartuta nolako maila duten lehenengo postuetako emakumeek. Hortaz, pozik nago, nire emaitzarik onena izan delako eta denboraldia amaitutzat ematen dut honekin.

Zeintzuk dira Munduko Txapelketa honetako ezaugarriak?

Erresistentziako txirrindularitza da, ultrafondo edota ultradistantziakoa. Munduko Lasterketa beti ospatzen da Ameriketako Estatu Batuetan, bertan dagoelako Race Across America lasterketa famatua. AEB mendebaldetik ekialdera zeharkatzen ditu, eta lehenengo etapa Borrego Springs basamortutik igarotzen da. Leku hori, bereziki, oso famatua eta berezia da ultrafondoan, izan ere, bertan hasi zen modalitate hori.  Horrexegatik, bertan ospatzen dira 24 orduko ta 12 orduko lasterketak: basamortuan dago eta 30 kilometrotako zirkuitu bat da, 18 miliatakoa. Azaroan ospatzen denez eta arratsaldeko 17:00etan hasten denez lasterketa, lehiaketaren zati handi bat ilunpean egiten duzu, gauez.

Bestalde, erlojupeko lasterketa da, beraz, ezin zara beste txirrindulari baten atzea joan eta rebujoa aprobetxatu. Hau da, bizikletan zoazenean eta aurrean beste bat duzunean haizea kentzen dizu eta horrek abantaila ematen dizu. Erlojupean hori ez dago baimenduta, eta bakarrik joan behar zara 100 oinetako tartea utzita aurreko txirrindulariarekin. 

Beste faktore bat da basamortuan dagoen tenperatura aldea: gabaz 4 gradu genituen eta goizeko 12:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte 40 gradu. Gorputza tenperatura aldaketa horietara ohitu behar da. Beraz, gakoa ez da 24 orduko lasterketa bat bizikletan egitea eta neurtzea ea nork eman ahal duen gehiago, baizik eta egoera, leku eta ezaugarri berezi horiekin garailea nor den erakustea. 

Zein izan da erronkarik handiena?

Alde batetik aipatutako tenperatura aldaketa. Oso kontraste handiak daude gauetik egunera eta Euskal Herrian ez gaude ohituta horrelako tenperaturekin lehiatzera. Niretzako oso gogorra izan zen.

Bestalde, lasterketako ordutegia. Arratsaldeko 17:00ak oso ordu txarra da lasterketa bat hasteko, kontuan hartuta lehenengo orduetan dagoeneko gaua dela. Gainera, basamortuan zaude eta bertako paisaia oso monotonoa da. Ildo berean, nahiz eta lasterketa hasi baino aste bat lehenago joan AEB-etara ordutegi aldaketara ohitzeko, gogorra egiten da. Izan ere, arratsaldeko 17:00etan Euskal Herrian goizeko ordu batak izango ziren. 

Nola prestatu zara lasterketarako?

Urte asko daramatzat ultrafondista moduan. Bilakaera bat izan da. Nirekin profesional talde handi bat dut: medikuak, fisioterapeutak, nutrizionistak, entrenatzailea... prestakuntza egiten dugu urte osoan zehar. Aurten hiru aste egon naiz Andorran prestaketa berezia egiten. Entrenamendu gogor asko kateatzen ditut gorputza ohitu ahal izateko eta sasoi onean lehiatzeko.

24 orduko lasterketa horretan, deskantsatzeko uneak dituzu?

Araudiak dio gelditu zaitezkela nahi duzun beste laguntza eremuan. Baina bertan estrategia asko daude. Jakin behar duzu ondo noiz gelditu eta zer egin. Ni oso gutxi gelditzen naiz eta komunera joateko soilik egiten ditut geldialdiak, betiere aprobetxatuz beste gauza batzuk egiteko. Esaterako, gauean tenperatura asko jaisten denean eta hoztu baino lehen arropa asko jantzi behar badut, aprobetxatzen dut momentu hori komunera joateko. 

Janariari dagokionez, buelta bakoitzean laguntza gunetik igarotzen naiz eta taldekideek eskura ematen didate edaria eta jatekoa. Bizikleta gainean jaten dut eta normalean orduro ematen didate zerbait. 

Entrenamendu fisikoaz gain, mentalki ere entrenatu behar zara, ezta?

Bai, garrantzitsua da mentalki oreka bat mantentzea. Eta nik uste esperientzia ere badela; zenbait esperientzia bizitzeak baliabideak ematen dizkizu. 

Etorkizunerako erronka berririk duzu?

Gustatuko litzaidake maila internazionalean jarraitu ahal izatea. Aurten Italian, Polonian, Parisen eta Kalifornian egon naiz eta gustatuko litzaidake lasterketa horiek errepikatzea eta berriak ere probatu ahal izatea. Baina, batez ere nire helburua da maila altuan mantendu ahal izatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun