Noiz eta nola sortu zen Orcamaris?
MAY SERRANO: Orcamaris taldea 2017an jaio zen, itsasoan igeri egiteko premia pertsonal batetik: beste emakume batzuekin batera igeri egin nahi nuen, plazeretik, lehiatik kanpo eta gozamena erdigunean jarriz. Niri asko gustatzen zait itsasoan igeri egitea, eta beste emakume batzuk aurkitu nahi nituen zero presioko leku horretatik igeri egiteko. Histeria Kolektiboari eta bere laguntza ekonomikoari esker, Leire Onzain ezagutu nuen, gure igeriketa irakasle perfektua. Berak nire ikuspuntu berdina zuen, baita ezagutza tekniko oso onak ere. Hortik abiatuta, Orcamariseko lehenengo ikastaroa abian jarri genuen, Gorlizen. 12 emakumek eman zuten izena tailer horretan.
Nondik dator Orcamaris izena?
M.S.: Orca markako nire lehen neoprenotik. Estreinatu nuen egunean barrez lehertu nintzen nire inguruko triatleta guztien "gorputz perfektu eta gihartsuak" ikustean. Aldamenean, ni nengoen: nire gorputza ez zen batere normatiboa, "bihurgunez" betea zegoen. "Orca" hitza nire bularraren parean handitzen zen eta "OOOOOORRRRRCCAAAA" jartzen zuela imajinatu nuen. "Hau ezin da izan" pentsatu nuen; sentipen horri buelta eman behar nion.
"Orkak oso inspiragarriak iruditu zitzaizkidan eta gurekin komunean gauza asko zituztela pentsatu nuen"
Horregatik, orken inguruan ikertu nuen, eta espezie matrilineala dela jakin nuen: emeak dira agintea dutenak eta menopausia duten eme ugaztun bakanetako bat ere dira. Ez dute harraparirik, defendatzeko elkartzen direlako. Ez dira hiltzaileak, baina beren burua defendatuko dute eraso egiten badiete. Oso inspiragarriak iruditu zitzaizkidan eta gurekin komunean gauza asko zituztela pentsatu nuen: emakume jakintsuen talde bat gara, gure erabakiak hartzen dituztenak eta elkarri laguntzen diotenak. Horrelakoxeak gara Orcamarisak.
Zenbat zarete taldean?
SARA GUTIERREZ EGILIOR: Momentu honetan 200 lagun gaude, baina, izatez, igeri egiten urtean zehar 40 emakume inguru ibiltzen gara. Uribe Kostako hainbat gara, baina Bizkaiko herri desberdinetatik datozenak ere ditugu.
Zein helburugaz sortu zen taldea?
M.S.: Lehenengo tailerren izenburua "itsasoa okupatzea" zen, izan ere, urte horietan oso emakume gutxi zeuden ur irekietan igeri egiten. Sustatu nahi genuen emakume kirolarien figura, adin eta baldintza guztietako horienak. Kirolari etiketa horretatik atera nahi dugu eta gure gorputzen gozamena aztertu. Itsasoan eta bizitzan ahalduntzea. Hala, talde barruan bat bera izatearen garrantzia ulertu dugu, baita gure arteko laguntza zer den ere. Lehen unetik gertatu den miraria da beldurra desagertu egiten dela batera itsasoan igeri egiten dugun bakoitzean.
Zelan antolatzen zarete urtean zehar ?
S.G.E.: Komunikatzeko bi kanal ditugu. Alde batetik, Instagramen @orcamaris profila dugu. Gure taldekide Eva Mangadok kudeatzen du eta irteeren eta ekintzen argazkiak publikatzen ditu. Jende askok hortik ezagutzen gaitu eta taldean sartzeko eskaera gehienenak hortik datoz. Bestalde, WhatsApp talde bat dugu, eta hor jartzen ditugu igeri egiteko egunak. Urte osoan zehar, astero geratzen gara.
"Gure igerilekua Gorlizko Badia da"
Gure igerilekua Gorlizko Badia da. Beti elkartzen gara Astondoko aparkalekuan, eta gehienetan, Astondotik Plentziarako joan-etorria egiten dugu, 1.500 metro inguru. Asteburuetan, itsasoak uzten duenean, txangoak ere egiten ditugu beste leku batzuetan igeri egiteko:Armintza, Arrigunaga, Castro (Kantabria), Mutriku, Lekeitio, Donostia... Niretzat ez dago asteburuko plan hoberik abentura-lagun hauekin igeri egitera irtetea baino.
Nola ikasi duzue itsasoan igeri egiten? Formakuntzarik jaso duzue?
S.G.E.: Nire kasuan, igerilekuan ikasi nuen, eta itsasoan nire kabuz apurka-apurka moldatzen joan naiz. Itsasoan igeri egin aurretik igerilekuan igeri egiteko teknika ikastea ezinbestekoa iruditzen zait.
"Itsasoan igeri egin aurretik igerilekuan igeri egiteko teknika ikastea ezinbestekoa iruditzen zait"
AIALA RUIZ LARRABEITI: Bizitza osoa daramat igeri egiten, baina konfinamenduan ezin nintzenez igerilekura joan, itsasora joaten hasi nintzen. Ez dut berez itsasoan igeri egiteko formakuntzarik jaso, baina hainbat urtetan igerilekuan ikasitakoa praktikan jarri dut.
Zergatik itsasoa? Zein harreman egin gura duzue emakumeakaz eta itsasoagaz?
M.A.: Itsasoa ez dabil txorakeriekin. Igerilekuan, erosketa-zerrendan pentsatzen joan zaitezke, baina itsasoa meditazioa da, denboraren % 100 bertan egon behar duzu: adi norabideari, korronteei, nekeari, indarrari... Taldean igeri egitean, zu izan behar zara zure lehentasuna, errealista izan behar zara nahi duzunarekin eta ahal duzunarekin eta erabakiak ondo hartu, ez baitago errore-tarterik. Bizitzarako entrenamendua da: ni neu izatea eta talde bateko kide izatea, besteek nitaz espero duten horretan nire izana galdu gabe. Igeri egiten duzun moduan bizi zara.
"Itsasoa meditazioa da, denboraren % 100 bertan egon behar duzu"
A.R.L.: Itsasoak erregulatzen zaitu, zure tristurak jaten ditu eta baretzen zaitu. Guzti hori beste emakume zoragarri batzuekin egiten baduzu, bada ezin hobeto. Kirola eta ur irekietako igeriketa gizonen kontua izan da luzaroan, beraz, kaleak okupatzeaz gain, beste gune batzuk ere gureak egin nahi ditugu. Ur irekietan igeri egiteak hainbat onura fisiko emateaz gain, onura emozional asko ditu.
Zer ematen dizue itsasoan igeri egiteak? Nola sentitzen zarete?
S.G.E.: Nik lehen itsasoan udan bakarrik bainatzen nintzen, baina Gorlizera bizitzen etorri nintzenean, Orcamaris taldea ezagutu nuen eta orduan hasi nintzen itsasoan igeri egiten urte osoan zehar, neguan ere bai. Hasieran, sakonera sartzea beldurra sentitzen nuen, baina taldeari esker, ikara horiek gainditu ditut. Orain, itsaso zabalean igeri egiten dudanean, hain ondo sentitzen naiz... hain boteretsu! Esango nuke ia droga bihurtu dela niretzako. Oso osasuntsua dela uste dut, gorputzerako zein bururako.
A.R.L.: Zoriontsu eta indartsu. Bereziki neguan, hotza egiten duenean, pentsatzen duzu: "Aurrera, gai zara egiteko".
Arriskutsua al da itsasoa?
SGE: Itsasoari errespetua izan behar zaio, oso aldakorra delako. Igeri egin aurretik beti begiratzen dut itsasoaren partea Interneten, Windguru aplikazioan, adibidez. Sartu aurretik jakin behar da, batez ere, zenbateko olatu-altuera eta haize-boladak dauden.
"Ondo ezagutu behar zara: nola zauden egun horretan, zenbat denbora egon ahal zaren ur hotzetan... Bakoitzaren gorputza entzutea ezinbestekoa da"
A.R.L.: Izan daiteke, arriskuan jartzen bazara. Horregatik, oso garrantzitsua da bi aldagai kontuan izatea. Alde batetik, sartzen garen hondartza ondo ezagutu behar dugu: korronteak, nondik sartzen diren itsasontziak, etab. Garrantzitsua da itsasoaren egoera begiratzea. Bestalde, ondo ezagutu behar zara: nola zauden egun horretan, zenbat denbora egon ahal zaren ur hotzetan... Bakoitzaren gorputza entzutea ezinbestekoa da.
Eboluziorik ikusten duzue itsasoan igeri egin zenuten lehenengo egunetik gaur egun arte?
S.G.E.: Bai, asko. Oso desberdina da igerilekuan edo itsasoan igeri egitea. Itsasoan, adibidez, uraren gatzagatik flotagarritasun handiago duzu, ez dago monotoniarik eta sartzen zaren egun bakoitzean sentsazioak desberdinak eta bakarrak dira. Bestalde, itsasoan zure erreferentzia-puntuak bilatu behar dituzu orientatzeko eta olatuen eta korronteen ondorioz, ahalegin handiagoa egin behar duzu aurrera egiteko. Uraren tenperatura beste faktore berezi bat da. Neguan 12 gradutan bainatzen gara, eta sartzea kostatzen zaigun arren, ez dago hitzik adierazteko zeinen ondo eta pozik ateratzen garen uretatik.