Edizio honetan, Martinak eta bere familiak bertaratutakoen babesa jaso ahal izango dute. Martina Urdulizko ume bat da, eta duela gutxi FIRES sindromea diagnostikatu zioten. Oso gaixotasun arraroa da, sistema neurologikoari eragiten dio eta epilepsiak eragiten ditu. Gorlizko komertzioek emandako produktuez osatutako saski baten zozketan bildutako dirua FIRES sindromeagaz lotutako kausetara eta Martina bezalako familiei laguntzera bideratuko da. Laguntza mota hori ezinbestekoa da, arreta medikoa eta pazienteen tratamenduak hobetzeko ez ezik, ezezagunagoak diren gaixotasun horiek ikusarazteko eta ikerketa sustatzeko ere.
Egitarau osoa
Aurtengo ekitaldia urriaren 25ean, barikuan, hasiko da, 18:00etatik aurrera, Artisau Garagardo Azokaren irekieragaz. Bertan, Tito Blas Brewing Co eta Etxeandia Garagardotegia eskualdeko artisau garagardo ekoizle ezagunek parte hartuko dute. Edari honetaz gain, bertaratzen direnek askotariko eskaintza gastronomikoa izango dute, Foodtruck JamonOstruck prestatutako hainbat saltxitxa mota eta perretxiko-gyozakaz. 19:00etatik aurrera, Pintxo Mikologikoen Lehiaketa hasiko da. Hala, herriko bederatzi tabernek perretxikoa oinarritzat hartuta egindako sukaldaritza-sorkuntzarik onenak aurkeztuko dituzte. Pintxoak 1,60 euroan egongo dira eskuragarri, eta, horri esker, zapore paregabe desberdinak dastatu ahal izango dira jai giroan. Gauari amaiera emateko, gazta desberdinakaz borobildutako garagardo dastaketa eta The Golden Covers taldearen kontzertua izango dira 22:00etan
Urriaren 26an, zapatuan, eguna goiz hasiko da, 07:30ean, txango mikologiko bategaz Murgiara, perretxiko espezieei buruz beren habitat naturalean gehiago ikasi gura dutenentzat aproposa. Egunean zehar, Pintxo Mikologikoen Lehiaketa errepikatuko da bi ordutegitan, 12:30etatik 14:30etara eta 19:00etatik 22:00etara, bisitariei sukaldaritzako eskaintza bikainaz gozatzeko aukera emanez.
Aurten, kuadrillen arteko Pintxo Mikologikoen Lehiaketa estreinatuko da, 13:30etik 15:00etara. Bazkaloste musikatuaz Garazi eta Martin arduratuko dira. Artisau Garagardo Azokak martxan jarraituko du, 18:00etatik aurrera, dastatze berriakaz eta kalean bertan jateko mokadu eskaintza zabalagaz, JamonOstruck-en partaidetzagaz. Kovertizo Classic Cover Band taldearen kontzertu bategaz 20:30ean eta DJ Kulen saio bategaz 22:00etan eguna amaitu aurretik, showcooking mikologikoaz eta Gorlizko kuadrillek antolatutako bafle poteoaz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek.
Amaiera solidarioa
Domekan, urriaren 27an, amaituko da aurtengo Dastatu Urria, familia osoarentzako jardueraz beteriko programazioagaz. 11:30etik aurrera, “Gorlizko XXI. Jardunaldi Mikologikoak: Perretxiko Erakusketa eta Mahai Didaktikoak” ospatuko da, Kinpulene Eskubaloi Taldeak antolatuta, aniztasun mikologikoaz eta ingurunearen kontserbazioaren garrantziaz kontzientziatzeko helburuagaz. Jardunaldiak izaera solidario handia izango du, eta Los Urris elkarteak antolatutako Madalena Tailer Solidarioa egingo da. 12:00etan, txikienek eurentzako tailerra izango dute, eta helduek, berriz, lehiaketan parte hartzen duten pintxoak dastatzen jarraitu ahal izango dute.
Ekitaldi nagusia Gorlizko komertzioek FIRES sindromearen aurkako borrokan Martinaren eta bere familiaren alde oparitutako produktuen zozketa solidarioaren eskutik etorriko da. Horren helburu nagusia da pertsona askoren elkartasuna piztea, eta, batez ere, gaixotasun ezezagun horiek ikertzen jarraitzeko eta nahasmendu neurologiko horiek tratatzeko modu berriak aurkitzeko eskaera bultzatzea. Egitarau mamitsu honi amaiera emateko, pintxo onenaren eta mikologia arloko argazki-lehiaketaren irabazleen sariak banatuko dira. Argazki lehiaketan parte hartu nahi dutenek info@visitgorliz.eus helbidera bidali behar dituzte argazkiak urriaren 18tik 25era.