Nola sortu da Gorlizen Euskaraz taldea?
2023ko uda amaitu zenean, guraso batzuok parkean erabaki genuen zerbait egin behar genuela jardueren eskaintza bermatzeko. Izan ere, udan, oporrekin-eta, baditugu gauzak, baina, gero, Gorlizen ez dago ezer ez. Taldearen intentzio bakarra da ekintza ezberdinak antolatzea eta Gorliz euskaldunago bat sortzea.
Gurasoon artean hitz egiten hasi ginen, bilera ireki bat egin genuen eta hor hasi ginen gauzak antolatzen. Azpitaldeak ere egin genituen: alde batetik, umeentzako ekintzak antolatzeko, eta, beste aldetik, familientzako. Denbora dugunean zerbait egiten saiatzen gara euskal komunitatea herrian suspertzeko. Guztira 14 bat kide gara talde motorrean.
Antolatzen dituzuen ekintzatara zenbat lagun joan ohi dira?
Umeentzako ekintzatara lagun asko joaten dira. Eguraldi txarra dagoenean Gorlizko erakusketa aretoa hartzen dugu eta tailer ezberdinak egiten ditugu: plastilina, musika tailerrak… 5-6 urtetik beherako ume asko etortzen dira gurasoekin, 15 ume inguru eta gurasoak. Gela betetzen dugu eta noizbait gertatu zaigu denak ez sartzea. Mendi-irteerak edo yoga tailerrak egitean, gehiago kostatzen zaigu jendearengana iristea, esaterako, yogara 4-5 lagun joan ziren. Azkenengo irteeran bakarrik 10 lagun joan ginen mendira. Bakarrik esaten dut, baina beharbada ez dira hain gutxi.
Zenbateko maiztasunagaz egiten dituzue ekintzak?
Mendi-irteerak hilean behin egiten ditugu, hemendik ingurutik, eta 7-10 kilometroko ibilaldiak izaten dira. Umeentzako tailerrei dagokionez, astean behin zerbait egiten saiatzen gara: ipuin kontaketak, esaterako. Bestela, erakusketa gela hartzen dugu eta bertan bizpahiru jostailurekin pasatzen dugu arratsaldea.
Zein da Gorlizko errealitatea euskarekiko?
Oso gatza. Ikusten duguna da jendeak badakiela, baina gero ez duela erabiltzen. Gorlizen euskaraz bizitzea ez da batere erraza. Beti lehenengo hitza gazteleraz da. Nik hiru ume ditut. Haurrekin ikusten duguna da haur-eskolan oso euskaldunak direla, soilik egiten dute euskaraz, baina gero lehen hezkuntzara egiten dutenean salto, gero eta euskara gutxiago hitz egiten dute. Oso era naturalean egiten dute aldaketa hori. Niri ere berdina gertatu zitzaidan txikitan, eta hori aldatu beharko genuke. Eskolako bileretara joaten zarenean eta planteatzen duzunean arazo hori dagoela, irakasleek esaten dute eskola publikora etortzen direnek badakitela hau horrela dela. Erantzun tristea da hori.
Hori aldatu nahiko genuke, baina Udalaren aldetik ez dugu inongo laguntzarik jaso. Bilerak izan arren, ez da ezer aldatu. Esan nahi dut, neguan zehar ez dago ezer; ez gazteleraz, ez euskaraz. Eta udan egiten diren gauza gehienak gazteleraz dira. Adibidez, Gorlizko jaietan etorri ziren talde garrantzitsuenak denak gazteleraz ziren. Ez dago euskararekiko ardurarik gauzak antolatzean.
Gutxi barru ze ekintza egingo dituzue?
Astero, ipuin kontalaria izan ohi dugu turismo bulegoan eta mendi irteera egin dugu pasa den astean. Bestalde, esperantza dugu abenduaren 27an berriro irekitzea Plentziako gaztetxea. Esparru hori falta zaigu, izan ere, oso zaila da adin horretako jendearengana iristea. 20-30 urte bitarteko lagunentzako nik uste ez garela ezta existitzen. Eta gaztetxean zerbait ateratzen badugu beharbada mugimendu gehiago lortu dezakegu. Momentuz denak gara gurasoak eta nahi duguna da umeek euren artean euskaraz hitz egitea ahal duten guztia. Baina ikusten dugu adin horietara ez garela iristen eta ez dakigu oso ondo nola egin.
Eta ekintzetara apuntatu gura duen norbaitek zer egin behar du?
Sare-sozialetan profila dugu Instagramen eta Facebooken. Bi WhatsApp talde ditugu: bata talde motorra, 14 gurasoak gaudenok, eta bestea, ekintzen difusioena. Gehienetan ez da izenik eman behar tailerretarako. Guztiz irekia da. Ez gara elkarte bat, talde bat gara, beraz, hemen nahi duen guztia sar daiteke. Gogoak eta ideiak dituzten pertsonak nahi ditugu.