Hasteko, zer da ibilketa nordikoa?
2018tik Mendi Federazioaren barruan dagoen kirol bat da. Makila berezi bi erabiltzen ditugu, ez dira mendiko makilen berdinak, eta horiek aurrerantz bultzatzen laguntzen digute. Funtsean, makilen lokarrian bereizten dira: ibilketa nordikoko bastoien kasuan, eskuari ezin hobeto egokitzen zaizkion lokarriak dira, eta behar bezala mugitzea ahalbidetzen dute, makila erori gabe. Teknika erraza da, baina ez da intuitiboa; horregatik, hastapen-ikastaro bat egitea gomendatzen dugu, ibilketa nordikoa modu seguruan praktikatzen hasteko.
© EUSKADITREK
Zeintzuk dira kirol honen onura nagusiak?
Kirol hau egiteko keinu guztiak ibiltzea bezalakoak dira: hankak mugitzen dira, besoak, goiko trena... Ibiltzearen gehigarri bat bezalakoa da. Horregatik, patologiak dituzten pertsonentzat oso onuragarria da. Kirol hau Euskal Herrian sartu zenean, gaixotasunak zituzten pertsonentzako bideratuta zegoen jarduera gisa aurkeztu zen, gorputza oso modu simetrikoan mugitzen delako. Gainera, taldean egiten den kirola da, beraz, onura psikosozialak ere dakartza. Hiri-ingurunean edo natura-ingurunean egiten daiteke, beraz, kirola egiten den bitartean inguruko altxor kulturalak ere ezagutzeko balio du.
Eta zeintzuk esango zenituzke direla bere balore nagusiak?
Balio nagusiak dira belaunaldien artekoa dela eta gainera oso inklusiboa dela. Ez du gutxieneko forma fisikorik behar eta bakoitzak bere erara praktikatu dezake.Hala, oso jarduera integratzailea da, mundu osoan praktika baitaiteke, edozein adinetan. Aurrekoan, Begisare elkarteko kideakaz ibilketa nordikoa egin genuen, Gorlizen. Ikusmen-urritasuna duten pertsonak dira, eta hondartzan egin genuen ibilaldia, oztopo arkitektonikorik ez zegoelako.
Nondik egin ohi dituzue irteerak?
Uribe Kostak abantaila zoragarria du, erliebe leun samarrak dituelako. Horrek aukera ematen digu ibilaldi luzeak egiteko, malda moderatu eta leunakaz. Erliebe leuna interesgarria da teknika praktikatzeko; izan ere, makilak inklinatuta daudenez, lur batzuetan ezin dugu ondo egin. Esaterako, kostaldetik flyschak ezagutu ditugu; Urdulizetik Berangora joaten gara Guda Zibileko lubakiez hitz egitera eta Gorlizetik askotan ibiltzen gara. Beraz, kirola aitzakia da Uribe Kostako txokoak ezagutzeko eta duen aberastasun kulturalari balioa emateko.
Ze garrantzi du kirol honek Gorlizen?
Duela urte askotatik kirol asko sustatu duen udalerria da Gorliz. Inguru aparta da ibilketa nordikorako eta bertako Udalak asko lagundu du hori aurrera eramaten. 2012tik, Ibilketa Nordikoaren Nazioarteko Eguneko ekitaldia egiten da bertan, zehazki, maiatzean. Mundu mailako ekitaldia da eta herrialde askotariko kirolariak etortzen dira. Iaz 200 lagun elkartu ginen: beroketa bat egin genuen musikagaz eta goiz bateko ibilbidea egin genuen ibilketa nordikoaz gozatzeko. Gainera, duela hiru urtetatik Gorlizen egiten da Ibilketa Nordikoaren Kopa ere.
© EUSKADITREK