Elkarrizketak

Pilar Flores: "Borroka oso dibertigarri eta kontrolatuak izan ditut, 20 urte banitu bezala gozatu ditudanak"

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 4a, 09:00

33 urtegaz hasi zen Flores kickboxing eta boxeoan. © PILAR FLORES

Maiatzaren 25ean, Pilar Flores gorliztarra Espainiako txapeldun izendatu zuten La Nuciako Kickboxing Txapelketa Nazionalean garaile agertu ostean. 33 urtegaz boxeoan eta kickboxingean hasi zen eta kirolak bizitza aldatu diola baieztatu du. Orain, etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko prest dago. 

Espainiako Kickboxing Txapelketa irabazi duzu. Zer moduz zaude?

2017az geroztik, arantzatxo bat neukan sartuta, ring-ean zilar bat lortu nuelako. Harrezkero, lesio batzuk kateatzen joan nintzen, beteranoaren adina betetzeaz gain (40 urte baino gehiago). Azkenean, aurten, berriro saiatzea erabaki dut, oso ondo bainago. Nahiz eta ez dudan borroka kopuru handirik (kirolari ospetsuagoakaz alderatuz) ringaren gaineko taulak nabaritzen dira aurkari bati tatamian aurre egiten diozunean.

Nire borroka estiloak abantaila eman dit nire taldekideekiko txapelketa honetan eta bi diziplinatan txapeldun izateko aukera izan dut: Lightcontact eta Kicklight. Beraz, borroka oso dibertigarriak eta kontrolatuak izan ditut, 20 urte banitu bezala gozatu ditudanak.

33 urtegaz hasi zinen kirol honetan. Zure bizitza asko aldatu da borrokan hasi zarenetik?

Hain zuzen ere, 10 urte beteko ditut 2015ean debutatu nuenetik, Algortako Neko Gym taldeko Luis Canales entrenatzaileari esker. Deprimituta, hutsik eta motxila harriz beteta zuen emakume hau besoak zabalik hartu eta nire balioak eta berezitasunak gogorarazi zizkidan. Nire bizitza goitik behera aldatu zen. Nire etorkizuna kirolera bideratu dut, urte hauen ostean ariketa-fisikoa egiten lortu dudan osasun fisiko eta psikologiko bera lortzeko beste arlo batzuetan. 

Gainera, boxeo eta kickboxing irakaslea ere bazara, ezta?

Momentuz ikasten ari naiz, etengabe ikasten ari zaren bide luzea delako. Zenbait prestakuntza egin ahal izan ditut Espainiako Boxeo Federazioagaz, Bizkaiko Boxeo Federazioagaz, Espainiako Kickboxing Federazioagaz eta Muay Thaiagaz. Gainera, gimnasio batzuek beren klubetan lan egiteko eta kirolari batzuk lehiatzera ateratzeko aukera eman didate. Duela aste batzuk amaitu da nire azken lankidetza eta, espero dut, datorren denboraldian, beste klub bat aurkitzea nire esperientzia emateko eta nire ibilbide teknikoa jarraitzeko.

Zein da zure hurrengo erronka?

Kirol mailan "ateratzeko prest" jarraituko dut eta amateur mailan ematen zaizkidan aukerak onartuko ditut. Maila teknikoan, dauzkadan aukerak aztertuko ditut, eta batek daki, agian, nire marka propioa egiteko unea da.

Beste zerbait gehitu nahi duzu?

Uribe Kostan kirol honetako profesional harrigarriak ditugu, baita kontaktuko beste kirol batzuk ere, eskaintzeko asko dutenak. Lehia-mailaz gain, aisialdi-maila dago, non estresaren aurkako jarduera oso motibatzailea baliatzen duzun, non sozializatzen eta familia egiten duzun, non berdin duen zure adinak, gorpuzkerak edo egoerak, denontzako lekua baitago.

Jendea inguruko edozein klubetan probatzera gonbidatzen dut, eta ausartzen ez badira, dei nazatela, edonogaz noa, edonora, mundu hau ezagutu dezaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun