Mari Feli Arrate: "Gorlizko lehenengo txosna guk ipini gendun ikastolagaz, 1975 ingeru"

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 24a, 12:00

Arratek asko gustuko zuen ospakizun bat astoen lasterketa izaten zen.

Mari Feli Arrate gorliztarrak nostalgiaz beteta partekatu ditu gaztaroko jaietako oroitzapenak: meza nagusia, dultzaineroak, txosnen hasiera... Iraganeko jaien esentzia usaindu dugu guk ere.

Mari Feli Arrate Berreagas auzoko Artamoiz baserrian bizi zen. Orduan ez zegoen errepiderik, eta landa eremutik Gorliz erdigunera joateko bide luzea egin behar zuen egunero. Alabaina, jaien garaian, udalerrira hurbiltzeko tartea topatzen zuen, distantziagatik beste ume eta gazteek bezainbeste denbora festetan igaro ez zuen arren.

Jai nagusiak santiagoak zirela oroitzen du —gaur egun legez—, eta hiru egun izan ohi ziren. "Errespetatzen zen Santiago Eguna, ez orain bezala, batzuetan moldatzen dela".  Hala, goizean, meza nagusia "sakratua" zela nabarmendu du, Udaleko jende guztia hurbiltzen baitzen. Horren ostean, herriko txistulariak egoten ziren. "Gogoratzen dut dultzainerok joaten zirela etxerik etxe joten. Jaietarako diru atatzeko etorten ziren etxetatik eskatzen". Gero, urteak pasa ondoren, beste doinu batzuk ekartzen hasi ziren: "Plentziako banda bat etortzen zen askotan Gorlizera. Azkenengo bandak joten zuen soinu izaten zan biribilketa". Halaber, jaietan ezin zen falta gaur egun karaoke gisa ezagutzen dugun hori. Orduan, ordea, Gorlizen "el cantante desconocido" deitzen zioten. Hala, ausart horien artean gehienbat gizonak gogoratzen ditu Arratek, baina bazegoen kantatu ohi zuen emakumeren bat ere bertatik.

Santiagoetako bigarren eguna umeena izaten zen, eta Arratek ilusioz gogoratzen ditu une horiek. Hondartzan hainbat jolas egiten zituzten: kukaña zegoen eta, beste aldetik, ahateak ere askatzen zituzten, horiek gero harrapatzeko. Mutilak gogoratzen ditu jolas horietan lehiatzen.

Arratek asko gustuko zuen ospakizun bat astoen lasterketa izaten zen: "Asfalton ez zeuden ohituta ibiltzera, eta hasten ziren beren etxerantza edo jeusten ziren gainien. Niri sano gustaten jaten, baina gaur ezin da pentsa halako gauzetan, kar-kar". Gainera, Gorlizen zezensuzkoak ospe handia izaten zuen bere arriskua zela-eta. "Ez dakit oraingok egiten badau, baina, orduan, bengalak adarretan izateaz gain, Gorlizkok petardo batzuk botaten zituen. Lurretik joaten ziren eta istripu bat baino gehiago egoten zen. Hanka harrapatuz gero erredura ederrak egiten zituen", gogoratu du.

Emakumeen papera

"Emakumeen rola gizonei laguntzea zen", erantzun du Arratek emakumeen jaien parte hartzeaz galdetzean. Hala ere, Fanon emakumeek sokatiran lehiatzen zutela baieztatu du. Gainera, jota txapelketara emakumeak ere batzen zirela seinalatu du. Hala ere, oso ezberdin bizitzen zituzten jaiak gizon edo emakumeek: "Gizonek edaten zuten, hori normala zen. Baina emakume bat holan apurtxu bet pasata… hori oso txarto ikusita zegoen. Guk pentsa berez alkohola edatea. Gaseosa-edo, bai".

Txosnen hasiera

"Lehenengo txosna guk ipini gendun ikastolagaz, 1975 ingeru. Herriko plazan jarri gendun erdi inprobisatuta guraso batzuek, frontoian aurrez aurre". Txosnakaz jende gehiago etortzen hasi zen, eta askoz gehiago edaten zela nabaritu zuen Arratek. Hala, herritarrak taldeka antolatzen hasi ziren eta jaitsiera ohiko jarduera bilakatu zen. Hortik aurrera, onerako ala txarrerako, jaiak betiko aldatu ziren, gaur egun arte. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun