Gorlizko hainbat taldek salatu dute "onartezinak" direla Santiago jaietan izandako eraso matxistak

Ander Zarraga 2025ko uzt. 30a, 16:49

Herriko hainbat taldek sinatu dute jaietan gertatutako gertakizunak salatzeko oharra.

Gorlizko Santiago jaiak amaitu berri diren honetan, Udalak eta hainbat taldek agiri bateratua plazaratu dute azken egunetako hainbat eraso matxista eta borrokaren harira. Jai-giroa "poza eta borroka feminista uztartuz" eraiki gura dutela aldarrikatu dute, eta "erasorik ez, erantzunik gabe!" lelopean, erantzun sendoa eskatu diete gertaeretan inplikatuta egon daitezkeen guztiei.

Santiago jaiak amaitzeagaz batera, Gorlizko hainbat eragilek —Sorginen Alabak, Gorlizko Udalak, Kandelaria Kultur Elkarteak, Los Urris taldeak, Gorlizko kuadrillak, Ugarisub eta Uribe Kosta Saskibaloi Klubak— adierazpen bateratua argitaratu dute, azken egunotan Gorlizko jai-gunean izandako eraso matxistak eta borrokak salatzeko.

"Aurten hainbat eraso matxistaren eta borroken berri izan dugu eta horrexegatik, erantzun sendo eta bateratua emateko erabakia hartu dugu", azaldu dute hasieran. Eragileek argi utzi gura izan dute halako gertaerak "onartezinak" direla eta ez direla inolaz ere normalizatu behar. "Eraso bakoitzak dagokion erantzuna izango duela" berretsi dute, eta, batez ere, "erasotuei babes osoa" adierazi gura izan diete.

Gaineratu dutenez, mugimendu feministak urteak daramatza protokoloak berritzen eta erasoen aurrean erantzunak ematen, baina "ez da nahikoa", ohartarazi dute. Testuan azpimarratu dutenez, "ez dugu inolako erasorik onartuko, ezta erasotzaileak zein bere kuadrillak berriz ere erasotzen gaituztenean ere".

Horregaz batera, erasotzaileen konplize diren jarrera pasiboak ere salatu dituzte: "Zure laguna mobida bila dabilela ikusita, ez baduzu ezer egiten hori ekiditeko, ez zara ongi etorria txosna-gunean", argi eta garbi adierazi dute.

Bestalde, jai-giroa nahastu duten borroken inguruan ere hartu dute hitza, gizon batzuek sortutako liskarrek jaiaren osasuna "zikindu" dutela salatzeko. "Indarkeria ez da ongi etorria txosna-gunean, edozein forma duela ere", esan dute.

Azkenik, adierazpenaren amaieran nabarmendu dute lanean jarraituko dutela, "denontzako gozagarri izango den jai-giroa" lortzeko. Horregaz batera, ohartarazi dute: "Gorlizko jai giroa feminista izango da ala ez da izango! Ez badakizu egoten, ez etorri!".

Herritarren parte-hartzea eta ardura kolektiboa ezinbestekotzat jo dute jaietan espazio segurua bermatzeko. Eragileek adierazi duten moduan: "Denon ardura da jaiak diren espazio kolektibo hau zaintzea eta denontzat gozagarriak izatea bermatzea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun