Gorlizko itsasertza babestu zuten gotorlekuak ezagutzera emango ditu Xabier Armendariz historialariak

Ander Zarraga 2025ko urr. 1a, 14:56

Gorlizko Askorriagako gotorlekua. © VISIT GORLIZ

Aldundiak antolatzen dituen Europako Ondarearen Jardunaldien testuinguruan, Xabier Armendariz historialari gorliztarrak bere udalerrian dauden kostaldeko defentsen aztarnak ezagutzera emango ditu. Horretarako, hitzaldi bat eta bisita gidatu bat eskainiko ditu urriaren 9an eta 12an, hurrenez hurren.

Batetik, urriaren 9an, Armendarizek konferentzia bat eskainiko du historian zehar Gorlizko kostaldea defendatzeko egon diren babeski desberdinen inguruan; 19:00etan izango da Sertutxenan. Bestetik, hilaren 12an, in situ bisitatuko dituzte gotorlekuak, oraindik geratzen diren aztarnak ikusi ahal izateko; hitzordua 10:00etan izango da. Ekintza bietara joateko aldez aurretik izena eman beharko da Gorlizko turismo bulegoan, 946 774 348 telefono-zenbakian zein info@visitgorliz.eus helbidean.

Bisita gidatuan Uztrikotzet puntaren ingurura joango direla azaldu du historialariak: "XIX. mende amaierako gotorleku hori badiako defentsa-sareko elementuetako bat zen; izan ere, inguruko kostaldea babesteko hainbat elementu eraiki zituzten bertan, hala nola Billano lurmuturrean Bigarren Mundu Gerran Franco diktadoreak eraiki zituen bunkerrak ere". 

"XX. mendeko artilleria armadaren agindupean zegoen, baina XIX. mendean, Foruak indargabetu zituzten arte, kostaldeko inguru horretako kanoi-bateriak Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen zituen. Testuinguru horretan, Askorriagako gotortokiagaz batera, Astondon ere beste fortin bat egon zen; lehenengoak hiru kanoi zituen eta Astondok bi. Horien helburua badia kortsario ingeles eta frantsesetatik babestea zen", aurreratu du Armerndarizek.

Itsasoa ezagutzeko zikloa

Hala ere, hau ez da Gorlizko historiaren inguruan Armendarizek egingo duen jarduera bakarra, izan ere, itsasoagaz eta historiagaz lotura duten gai desberdinen inguruko hitzaldi-zikloa ari da eskaintzen hilabeteotan: batetik, itsas paisaiaren interpretazioa eta itsaspeko arkeologia landu ditu daborduko. Bestetik, aipatutako gotorlekuen inguruko bisita eta hitzaldia eta oraindik datarik ez duen laugarren hitzaldian, Gorlizeko itsasgizonek egiten zituzten zinoparien inguruan arituko da.

"Plentziaren eta Gorlizen artean beti egon da lehia, esaten baitzen lehena itsasgizonen herria zela, bigarrena, aldiz, nekazariena, baina hori ez da egina; Plentzian adina marinel zegoen Gorlizen", adierazi du historialariak. 

Aipatutakoaz gain, beste ekintza askoren artean, Armendarizek Muskizeko El Pobaleko Burdinola ezagutzeko bisita gidatuak eta itsas-irteerak ere egiten ditu kostaldea itsasotik hurbiltzeko. "Itsasontzian egiten ditudan irteeretan Getxotik ateratzen gara, eta gotorlekuen inguruan azalpenak emateaz gain, beste istorio batzuk ere azaltzen ditut, baita gure kostaldeko ondare geologikoaren inguruan ere", azaldu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun