Gorliz Etxebizitza Eremu Tentsionatua izendatzeko prozedura hasi du Udalak

Ander Zarraga 2025ko urr. 27a, 13:14

Udalak diagnostikoa egiteaz arduratuko den enpresa bat kontratutako duela iragarri du, udalerriko etxebiziten egoera aztertzeko.

Gorlizko Udalak izapideak abiarazi ditu udalerriak Bizitegi-merkatuko Tentsio Eremu  izendapena lor dezan, eta, horrela, etxebizitzaren merkatuari dagokionez, neurriak hartzeko eskumen gehiago izateko eta diru-laguntzak eskuratzeko lehia handiagoa lortzeko.

Joan den maiatzaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak EAEko eremu tentsionatuei buruzko txosten bat argitaratu zuen, eta Gorliz izendapen hori eskuratu dezaketen udalerrien artean kokatu zuen. 12/2023 legeak, etxebizitza eskubidearen aldekoak, udalerri bat eremu tentsionatu izendatzeko bete behar diren irizpideak ezartzen ditu, eta horietako bat gutxienez betetzea nahikoa dela dio.

Gorlizen kasuan, agerikoa da azken bost urteetan salerosketa prezioak izan duen igoera, altuenen artean kokatzen baita, % 23,6 igoeragaz. Hori dela eta, Gorliz bere osotasunean tenkatutako eremu izendatu daitekeen udalerrietako bat da.

Prozedura

Eremu tentsionatu bat izendatzeko, zenbait fase dituen prozedura bati jarraitu behar zaiola azaldu dute Gorlizko Udaleko iturriek. Gaur egun, Gorliz hasierako etapan kokatzen da, informazio bilketan zentratuta, udalerriko etxebizitzaren egoeraren azterketa egiteko, justifikazio-memoria bategaz batera.

Ondoren, ekintza-plan bat diseinatuko dutela zehaztu dute, bere estrategia eta jarduera-ildoakaz, merkatu orekatuagoa eta eskuragarriagoa lortzeko. Azpimarratu dutenez, garrantzitsua da kontuan hartzea neurri honen helburua ez dela alokairuaren prezioak errotik jaistea, baizik eta errentarien eta jabeen interesak babestea.

Azkenik, dokumentazio guztia osatuta, Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu ahal izango dio tenkatutako eremu izendatzea, eta neurri horrek aukera berriak emango dizkio Udalari egungo egoera arintzeko. Horrez gain, alokairu-prezioak arautzeko, etxebizitza babestuetan inbertsio handiagoa egiteko edo etxebizitzaren arloko zenbait diru-laguntza eskuratzeko aukera ere emango dio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun