Izenak berak dioenez, bulego berri honen ardatz nagusietako bat etxebizitza izango da. Zergatik erabaki duzue hori bereiztea?
Egitura bereko parte izango da, baina etxebizitzaren gaiari egitura espezifiko bat eskaintzea erabaki dugu, ulertzen dugulako ardatza dela bizitza duintasunean garatu ahal izateko. Azken boladan, etxebizitzaren egoera okertu egin da eta herritarren kezka nagusietako bat da; horrenbestez, uste dugu administrazioak erantzun bat eman behar diola horri eta hori ere izango da bulegoaren helburuetako bat.
Oro har, nolakoa da etxebizitzaren egoera eskualdean?
Egoera nahiko kaskarra da, baina arazoa ez da hemen bakarrik ematen, egiturazkoa eta orokorra dela esango nuke: azken hamarkadetan logika merkantilistaren oldarraldi bat egon da, eta, horren eraginez, etxebizitzaren jatorrikoz eskubidearen kontzeptua aldatu egin da negoziora bideratzeko. Logika merkantilista honen konponbide bat izan daiteke eskaintza handitzea, eskaria oso handia den bitartean eskaintza oso txikia delako, baina hortik harago, esango nuke lan pedagogiko bat egin beharko litzatekeela, etxebizitza merkatuaren logikatik ateratzeko.
"Logika merkantilista honen konponbide bat izan daiteke eskaintza handitzea, eskaria oso handia den bitartean eskaintza oso txikia delako, baina hortik harago, esango nuke lan pedagogiko bat egin beharko litzatekeela, etxebizitza merkatuaren logikatik ateratzeko"
Gorliz edo Plentzia tenkatutako eremu izendatzeko aukera aztertzeko asmoa duzue?
Inguruan, gu bezalako udalerrien artean, Berango eta Urduliz dira gune tenkatu izendatzeko irizpideak betetzen dituzten udalerriak. Gorliz eta Plentzia hortik kanpo geratu dira, baina ikerketa berriak eskatu ditzakegu eremu egoera aldatu ote den ikusteko, izendapen horietarako 2022ra arteko datuak bakarrik erabili dituztelako. Izendapen horrek pisu turistikoen muga ezartzea erraztu dezake, baina oraindik hori guztia ikerketa fasean dago. Ezer baino lehen datuak ondo aztertu behar ditugu egingarria ote den ikusteko, eta hala balitz, ondorioak onuragarriak izango diren ala ez neurtu behar dugu.
Gorlizen eta Plentzian udatiar askok bigarren etxebizitza bat daukate, nolakoa da egoera?
Nabarmentzekoa da Gorlizko etxebizitza-parkearen % 45 eta Plentziako % 40 baino ez direla lehen etxebizitzak; gainontzekoak bestelako erabileretarako etxeak dira. Gorlizen, noizean behin erabiltzen direnak % 23 dira eta Plentzian % 17. Datu horiek nahiko altuak dira, eta horrek, adibidez, Gorliz Estatuko 2.000 biztanletik gorako udalerrietako lehen 35 postuen artean kokatzen du.
Zu gorliztarra zara, nola nabaritzen duzu hori?
Udan Gorlizko biztanleria hirukoiztu egin daiteke, eta Plentziakoa ere antzeko dabil: 4.900 inguru dira neguan eta udan 15.000ra heldu daitezke. Gorlizen, 6.000 biztanle inguru gaude, baina udan 20.000ra heltzen gara; beraz, aldaketa izugarria da. Ezagun asko ditut hemen bizi nahi dutenak, baina beraientzako ezinezkoa da, eta horrek eragin du inguru udalerrietara joan behar izatea, adibidez, Urdulizera. Aldi berean, horrek eragin du horko merkatua tenkatzea eta hango prezioak ere asko igotzea.
"Gorlizen etxebizitza-parkearen % 6,4 inguru dago hutsik eta Plentzian % 8,4"
Hutsik dauden etxeak ere zenbatu dituzue?
Bai, Gorlizen etxebizitza-parkearen % 6,4 inguru dago hutsik eta Plentzian % 8,4. Datu horiek Eustatek argitaratu zituen 2021ean, uraren eta argiaren kontsumoari erreparatuz. Batez bestekoa % 5ekoa da, beraz datua oso altua da.
Horrez gain, biztanleriaren behin-behinekotasun horrek eragina ere izango du herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoetan.
Bai, noski. Ez dago horren inguruko azterketa zehatzik, baina turismoaren eta biztanleriaren aldiroko hazkunde horrek gizarte egiturari ere eragiten die. Berbarako, biztanleriaren % 80a edo gehiago zerbitzu-sektoretik bizi dela, batez ere, turismotik. Horrek eragiten du udalerriotan eskaintzen diren lanpostuak aldi baterako baldintza nahiko kaskarrekoak izatea, horrek eros-ahalmenean duen eraginarekin. Kontua da erkidegoko hezkuntza-mailaren bataz bestetik gora gaudela, baina jendeak ezin du hemen lan egin; beraz, herrian lan eta bizi ere izango da gure bulegoaren lan-ildoetako bat.
Hasierako hipotesi horietatik abiatuta, zeintzuk dira planteatuko dituzuen proposamenak?
Momentuz, hasierako azterketa bakarrik egin dugu, eta urtean zehar joango gara hori osatzen eta proposamenak zehazten; horretarako, herritarren parte hartzea izatea ere aurreikusi dugu. Besteak beste, herrietako elkarteekin batu nahi dugu, zein behar identifikatu dituzten jakiteko, eta, azken finean, bulegoa behar horietara zuzentzeko. Horien artean egongo dira Jangai, Sorginen Alabak, Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatua, Pentsiodunen Mugimendua…
Gure udalerrietan gauzak egin arren, etxebizitzaren arazoa transbertsala da, eta neurriak Autonomi Erkidego mailan hartu beharko lirateke, ez baitago udalerri askorik non etxebizitza bat eskuratzea erraza den. Eskualdean ikusi dugu Getxo ez dutela tenkatutako eremu izendatu, baina saiatu etxebizitza bat arrazoizko prezioan bilatzen... Udalez udal neurriak hartzeak ez du arazoa konponduko, arazoa egiturazkoa baita, lortzen dena da udalerri batetik bestera pasatzea arazoa.