200 urte inguru dituen Gorlizko elizako zinoparia aldi baterako jaitsi dute

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 7a

Orain arte Gorlizko elizako sabaitik zintzilik egon itsas-exbotoa edo zinoparia aldi baterako jaitsi egin dute, garbiketa- eta mantentze-lanak egiteko eta, bide batez, herritarrek hurbiletik ikusteko aukera izan dezaten. Marinelek elizei egiten zizkieten eskaintza horiek itsasoko arriskuak gainditu ondoren.

Egurrezko itsasontzi horren maketak 200 urtetik gora ditu, eta tradizioari jarraituz, marinelek elizetan uzten zituzten zinopari bat da. Gorlizen, itsas-tradizioa duten beste herri batzuetan bezala, ohitura zen itsasontzi horiek eliza barruan esekita gordetzea, nabigatzen ari den itsasontzi bat simulatuz.

Exbotoaren erretiratzea ez da ohikoa, azkenengoz 2017an erretiratu baitzen, eta, lehenago, 1912an jaitsi zutela ageri da momentu horretako argazki batean. Pieza abenduan egongo da ikusgai, Xabier Armendariz historialariak Gorlizen emango duen hitzaldian. Hitzordu horretan zehar, zinopariaren historia eta bere jatorriari eta eskaintzaileari buruz bildutako datuak aurkeztuko ditu.

Hitzaldiaren ostean, exbotoa ohiko tokira itzultzea aurreikusi dute. Gainera, poleen sistema bat instalatuko diote etorkizuneko jaitsierak errazteko eta aldizkako mantentze-lanak ziurtatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun