Plentzia eta Gorlizko talde feministak udaltzain baten eraso matxista salatuko dute gaur

Beatriz Antona Uribe 2025eko abenduaren 4a

Elkarretaratzea arrastiko 18:30ean izango da, Gorlizko udaletxearen aurrean © PLENTZIA / GORLIZKO BIZITZAK ERDIGUNEAN

Gorlizko udaltzain batek, eraso matxista bat leporatuta, zigorrik txikiena jaso izana salatu dute Plentzia/Gorlizko gazte feministek. Haien esanetan, prozesu judizialak gertakaria onartu zuen, baina "txantxatzat" hartu zuen.

Hainbat izan dira bertoko gazte feministek bildutako kexak; besteak beste, egungo egoera bereziki larritzen die. Izan ere, erasotzailea postu berera itzuliko dela salatzen dute eta errua Udalari leporatu diote, konplize dela esanez: "Zerbitzutik bota zezakeen, baina ez zuen egin".

Egoera dela medio, Plentzia/Gorlizko talde feministak elkarretaratzea deitu du gaur, abenduak 4, Gorlizko udaletxean. Kontzentrazio deialdia arrastiko 18:30ean izango da.

Gazteek berdintasun plan bat martxan jartzea, langileentzako prestakuntza feminista eta eraso matxisten aurrean protokolo argiak ezartzea eskatzen dute, besteak beste. Helburu horiek lortzeko, datorren osoko bilkuran euren proposamenak aurkeztuko dituzte. Era berean, Gorlizko Udalari eskaera zuzena egin diote: "Udalak ezin du ezikusiarena egin, bere ardura da langileen eta herritarren segurtasuna bermatzea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun