Gorlizko Udalak kalte ordaina eman beharko dio tratu iraingarria jaso zuen emakume udaltzaingoari

Nahia Martinez Gondra 2024ko uzt. 9a, 09:20

29.690,76 euroko kalte ordaina eman beharko dizkio Udalak langileari.

2019ean, Gorlizko emakume udaltzaingo batek tratu iraingarria eta sexu izaerako jokabide desegoki larriak sufritu zituela salatu zuen bere kidea zen gizonezko batengatik, eta, horren ondorioz, 2021an baja eskatu zuen. Orain, Bilboko Lan Arloko 2 zenbakiko epaitegiak ebatzi du Udalak ez zuela prebentzio neurririk hartu erasoaren aurrean, eta kondenatzen du langileari 29.690,76 euroko kalte ordaina ematera.

ELA sindikatuak azaldu duenez, epaiak onartzen du emakume langileak bizi zuen jazarpen egoeraren aurrean Gorlizko Udalak ez zituela indarrean jarri derrigorrezkoak ziren prebentzio neurriak. Horregatik, Udalak 29.690 euroko kalte ordaina eman beharko dio langileari, lan arriskuen prebentziorako neurriak ez betetzeagatik.

Jazarpena jazo zen EAJren aurreko gobernu taldearen legegintzaldian. Alabaina, sindikatuak jakinarazi bezala, egungo Gorliz Bizirik udal gobernuak elkartasuna erakutsi dio langileari, "bere lanpostura modu seguruan itzultzea erraztuz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun