Jauzi Uribe Kostako kideek azaldu dutenez, ospitaletik Plentziaraino doan autobusagaz langileak ez dira garaiz heltzen gaueko azken metroa hartzera, izan ere, lanegunetan Plentziatik azken irteera 22:18an izaten da. "Horrek esan nahi du lan egiten duten askok autoaren % 100aren mende egon behar dutela, eta hori ezin dugu inolaz ere onartu behar, are gutxiago zaintzarako funtsezko zerbitzuetan lan egiten dutenentzat", adierazi dute.
Jauzik adierazi du errealitate hori beste arrazoi argi bat dela metro-zerbitzua zabaltzeko, bai ordutegiak luzatuz, bai maiztasunak handituz, edo gutxienez pandemiaren aurretik zeuden ordezko autobus-zerbitzuak berreskuratuz. "Lehen horrelako zerbitzuak baldin bazeuden, nola esan dezakete agintariek orain ezinezkoa dela?", galdetu dute plataformatik, azpimarratuz aldarrikapen hori Jauzik sortu zenetik defendatu duena dela eta eskualde osoak partekatzen duena.
Testuinguru horretan, plataformak kritikatu du erakundeak itsasadarraren azpiko tunelaren moduko azpiegitura handien aldeko apustua egiten ari direla, garraio publikoaren eguneroko hobekuntzak bazterrean uzten diren bitartean. Jauziren ustez, "gutxi batzuei mesede egiten dieten eta aberasteko pentsatutako proiektuen aurrean, guztiontzako zerbitzu publikoak indartu behar dira", eta bereziki langile klasearen beharrei erantzun. Hori dela eta, Uribe Kostako garraio publikoaren hobekuntza berehalakoa eta lehentasunezkoa izan dadila eskatu dute.