Gorlizko erdigunea eta hondartza lotzeko bidegorriaren lanak bukatu dituzte

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 18a

Bidegorri berriaren lanek 195.000 euro inguruko inbertsioa izan dute. © GORLIZKO UDALA

310 metroko ibilbidea duen bizikletentzako ibilbide berri honek Itsasbide kalea Ondarganako bidegurutzeagaz lotzen du, erdigunetik hondartzetara bizikletan modu seguruan mugitzeko aukera emanez. Proiektua Next Generation Europako funtsakaz finantzatu dute eta 195.000 euro baino gehiagoko inbertsioa izan du. 

Udalaren lehentasunetako bat oinezko, txirrindulari eta ibilgailuen arteko elkarbizitza seguru eta iraunkorra bermatzea dela azpimarratu du Ekaitz Pau Gorlizko alkateak. Horretarako, besteak beste, gutxienez 2 metroko zabalera duen espaloia bermatu dute ibilbide osoan zehar, eta zabaldu ere egin dute, zenbait puntutan, oinezkoek zein mugikortasun-arazoak dituzten pertsonek segurtasun osoz paseatzeko aukera izan dezaten.

Era berean, jarduera hau Udalak mugikortasun aktibo eta osasungarriaren alde egindako apustuaren barruan kokatu du alkateak. Ildo horretan, joan den ekainean, Udalak bizikletentzako aparkaleku segurua ere jarri zuen martxan: Bizipark. Hala, udalerrian garraio jasangarria sustatzeko azpiegiturak handitzen jarraitzen dutela ere nabarmendu du.

"Gure herrian mugitzeko ohiturak eraldatu nahi dugu, kotxearekiko mendekotasuna murriztu eta eredu osasungarriago, eskuragarriago eta gure ingurunearekiko errespetuzkoago baterantz aurrera egin", adierazi
du Pauk.

Estudios y Obras Rekalde enpresak egin du obra, eta 195.230,34 euroko aurrekontua izan du. Gainera, Next Generation Europako Funtsakaz (134.600 euro) finantzatu da hobekuntza, Jata Ondo Landa Garapenerako Elkartearen bidez.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun