Elkarrizketak

Itziar Alkorta eta Carlos Garbisu: "Planeta hau mikroorganismoek gobernatzen dute"

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 20a

Alkorta eta Garbisu zientzialari gorliztarrak munduko zientzialari eraginkorrenen artean sailkatu dituzte.

Itziar Alkorta eta Carlos Garbisu Gorlizen bizi den bikotea munduko zientzialaririk eragin handienen Stanfordeko zerrendan sartu dira. Alkorta EHUko katedraduna eta EHUko Ikerketa Zerbitzu Orokorreko zuzendaria da, Garbisu, berriz, NEIKEReko zuzendari zientifikoa eta lurzoruaren ekologian aitzindaria. Gizakiarentzat mehatxu larria izan daitezkeen antibiotikoekiko erresistentziak ikertzen dituzte beraiek.

Biak azaldu zarete munduan eragin handiena duten zientzialariak batzen dituen Stanford rankingean; zu Carlos, gainera, hasieratik azaldu zara, zazpi alditan. Zer eragiten dizue horrek?

CARLOS GARBISU: Egia esan garrantzitsuena ez da rankinga bera, atzetik dagoen lana baizik. Zientziak hainbat eta hainbat ordu eskatzen ditu, frustrazioa eta ezegonkortasuna ere. Lehen lan finkoa 37 urterekin lortu nuen, 14 edo 15 urtez bekaduna izan ostean. Halaber, 30 urte baino gehiago daramatzat lurrean dauden bakteriak nola funtzionatzen duten ulertu ahalegindu nahian, eta, oraindik, jakin beharrekoaren % 1 baino ez dakit; oraindik mendeak falta zaizkigu horiek benetan ezagutu ahal izateko. Horrelako aintzatespenak ondo daude, baina gauza sinbolikoa dira; mundu hobe bat lortzen laguntzeko egiten dugun lana da benetan garrantzitsua.

ITZIAR ALKORTA: Doktoretza ondokoa egin ondoren, TRWB izeneko bakterioen arteko erresistentzia-geneen transferentzian inplikatutako proteina aztertzen hasi nintzen. Hasieran, jakin-minagatik egin nuen, baina laster ulertu nuen osasun-arazo global baten aurrean geundela. Urtero milioika pertsona hiltzen dira antibiotikoekiko erresistentziengatik, eta ikusi genuen ez dela gai kliniko bat bakarrik: abeltzaintzak, nekazaritzak eta ingurumen-kutsadurak ere eragina dute arazo horretan. Hortik sortu zen One Health ikuspegia, gizakien, animalien eta ingurunearen osasuna erabat elkarlotuta daudela ulertzen duen zientzia egiteko modua, hain zuzen.

One Health osasunaren ikuspegi holistiko batetik abiatzen dela laburbildu daiteke beraz, baina zer dago horren atzean?

C.G.: One Health-ek esan nahi du gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna dena elkarlotuta dagoela. Adibidez, ematen diren antibiotikoen % 70 baino gehiago abereei ematen zaizkie, horiekin tratatutako behi baten simaurra baratzean erabiltzen badugu, agian erresistentzia bereganatu duen bakterio bat ortuan dagoen letxuga batera irits daiteke. Guk hori jaten dugunean, bakterio horien geneak gure gorputzeko beste batzuetara eraman ditzakegu. Dena interkonektatuta dago.

I.A.: Erresistentzien arazoa ez da klinikoa bakarrik, nekazaritzan, abeltzaintzan, ingurumenean... denari eragiten dio, horrenbestez, funtsezkoa da gaia fronte guztietatik jorratzea. Horregatik, nire ikerketa-ildoak bakterioen artean geneak igarotzea ahalbidetzen duen proteina hori ikertzen du.

"Doktoretza ondokoa egin ondoren, TRWB izeneko bakterioen arteko erresistentzia-geneen transferentzian inplikatutako proteina aztertzen hasi nintzen"

Izugarrizko arazo baten aurrean gaude orduan; larritu beharko ginateke?

C.G.: Bakterioek 3.800 milioi urte daramatzate hemen eta lehen bizidunak izan ziren. Homo sapiensek 200.000 edo 300.000 urte daramatzagu bakarrik. Bakterioek mundua menderatzen dute, mundua mikroa delako. Larruazalean, hesteetan, inguruan... alde guztietan ditugun bakterioz inguratuta gaude, eta gehienek ez digute inolako kalterik egiten, baina gertatu daiteke lehen aipatutako letxuga hori jatea. Beraz, lurreko bakterio horiek zuri kalterik egin ez arren, hesteetan duzun bakterio batera pasatzen badira patogeno potentzialetan bilakatu daitezke, eta antibiotikoei erresistentzia izatea ekar dezakete.

I.A.: Hor elkartzen dira, hain zuzen ere, Carlosen eta nire ikerketa-ildoak. Carlos ekologo mikrobiotarra da eta ikuspuntu horretatik betaurrekoak oso zabalak ditu, batez ere, bakterioen ekosistema batean milaka bakterio desberdin daudelako. Aldiz, nik erloju horren pieza batek nola funtzionatzen duen ikertzen dut. Beste ikerketa-talde batzuekin batera, JRL (Ikerketa Laborategia Bateratua) sarea sortu genuen antibiotikoekiko erresistentzia duten ingurumeneko bakterioak ikertzeko. Horretan, hainbat zentrotako kimika analitikoko taldeak, biokimikako taldeak edo bakterio-ekologiako taldeak daude, besteak beste.

Horrelako ikerketak gizarteratzea arazo bat da zuentzat?

I.A.: Gaur egun inork ez gaitu ezagutzen. Inork ez gaitu kontuan hartzen eragin-elementu gisa. Mundu guztiak daki ahuakatea txiarekin gosaltzea zoragarria dela, baina inork ez du jarraitzen zientzialariok esaten duguna. Duela 10 urte, zientzia-dibulgazioa egiten genuen zientzialariak txarrak ginelako egiten genuela esaten. Orain, gauzak aldatzen hasi dira, baina ezjakintasun handia dago oraindik.

C.G.: Niretzat dibulgatzea zientzialarion betebehar deontologikoa da. Ikerketak diru publikoarekin ordaintzen dira, eta gizarteak eskubidea du diru horrekin zer egiten dugun jakiteko. Inork ezin du hobeto azaldu, ikerketa bera egiten duenak baino. Gaur egun, hain hedatuta dauden uste negazionistak: klima-aldaketa ezeztatzea, txertoen aurkako jarrerak edo terraplanismoa, adibidez, gure erantzukizuna ere dira, zientzialari moduan ez garelako nahikoa komunikatu gizartearekin. Hainbeste gezur eta desinformaziorekin bonbardatzen gaituzte, hutsala jaun eta jabe dela. Gainera, gure lana transmitizeko bideoak ere murriztu dizkigute: lehen, 5 minutuko bideoak egiten genituen, orain, hori oso luzea da, zerbait ikusi nahi baduzu, horrek ere mikroa izan behar du, bi minutu asko jota.ç

"Dibulgatzea zientzialarion betebehar deontologikoa da. Ikerketa diru publikoarekin ordaintzen da, eta gizarteak eskubidea du horrekin zer egiten dugun jakiteko"

Horren arrazoietako bat zientzialariek bizi duzuen prekarietatea da, ezta?

I.A.: Bai, noski. Pentsa, nire lehen alaba jaio zenean, oraindik bekaduna nintzen. Une horretan ez nuen amatasun-baja hartzeko eskubiderik ere. Baldintzak oso txarrak ziren. Orain, zerbait hobetu badira ere, oso gogorra izaten jarraitzen du.

C. G.: Nik 35 urte bete arte ez nuen kotizatu. Laster erretiroa hartuko dut eta zazpi edo zortzi urte falta zaizkit pentsioa kobratzeko. Biok egin genuen doktoretza hemen, EHUn, eta AEBtara joan ginen, baina ordura arte dena bekak ziren. Oso gogorra da.

Zer da zuentzako zientzia egitea?

C.G.: Mundua oso konplexua da. Zalantza asko daude. Eta urteekin, ditugun mugez jabetzen zoaz. Sokratesek dioena egia da: "Ezer ez dakidala besterik ez dakit". Hasten zarenean Sancho Bravo zara: "Nik konponduko dut arazo hau". Gero, bizitzak Sancho Fuerte bihurtzen zaitu, proteina bat edo bakterio batzuk ulertu nahian frustrazioa jasaten ikasten duzulako, baina ikerkuntzan 25 urte daramatzazunean, Sancho Panza bilakatzen zara uste zenuena baino askoz gutxiago dakizula konturatzen zarelako, kar-kar! Horregatik askotan diot zientzialari baten lehen ezaugarria ez dela adimentsua izatea edo lan asko egiteko gaitasuna izatea, frustrazioarekiko tolerantzia baizik.

I.A.: Eta zientzialari gisa, ikertzen duguna eta gure ezagutza gizarteari itzultzea da gure betebeharra. Izan, ere, Erabakiak hartzeko gai den gizarte kritiko, indartsu eta prestatu bat behar dugu.

Nola bizi duzue zientzialariak eta bikote izatea?

C.G.: Egia da Itziar bezalako bikote bat duzunean, gozamena dela. Bestearekin zientziari buruz hitz egin dezakezu, etxean lankide bat izatea bezalakoa baita, zure bikoteak badaki paper-ak edo artikuluak idatzi behar dituzula edo azterketak zuzendu eta hitzaldiak eman, berak ere hori bera egin behar duelako. Beti daukagu egiteko lan asko, baita aste-akabuetan ere. Egia da hori ere okerrena ere izan daitekeela, lanaren menpeko dinamiketan sartu gaitezkeelako. Hala ere, nire ustez garrantzitsuena da elkar ulertzen garela eta horrek batzen gaituela.

I.A.: Oso lagungarria da bai. Zure lana ulertzen duen norbait hurbil izateak asko laguntzen du, larunbat batean zergatik lan egiten duzun edo frustrazio hori kudeatzen laguntzen dizun norbait izatea oso onuragarria da. Jakin-mina ere partekatzen dugu, hori ez duzu edonon aurkitzen.

Bakterioen erresistentzia, mehatxu globala

Antibiotikoekiko erresistentzia munduko osasun publikorako mehatxu handienetako batean bilakatu da. Bakterio multierresistenteek eragindako infekzioek milaka heriotza eragiten dituzte urtero eta osasun-kostu handia eragiten dute, orain arte, eraginkorrak ziren tratamenduek eraginkortasuna galtzen dutelako.

Eraginik nabarmenena ospitaleetan eta osasun-zentroetan gertatzen bada ere, arazoaren jatorria ingurumenean ere dagoela ohartarazi dute Carlos Garbisu eta Itziar Alkorta zientzialariek. Abeltzaintzan antibiotikoak masiboki erabiltzeak areagotu egin du botika horien presentzia ingurumenean, baita bakterio eta geneen erresistentzia ere. Gainera, elementu genetiko mugikorrek mikroorganismoen arteko erresistentziaren hedapena errazten dute. Sortzen ari diren kutsatzaile horiek ekosistemak aldatzeaz gain, ura, elikagaiak edo ingurumen-kontaktua baliatzen dituzte gizakiarentzat esposizio-bideak zabalduz.

Nazioarteko erakundeek ohartarazi dute inguruan antibiotikoak askatzea mehatxu hori bizkortzen ari dela, eta hori lehentasun globala dela.

Antibiotikoekiko erresistentzia geldiarazteko, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna integratuko duen erantzun bateratu bat behar dela adierazi dute Gorlizen bizi diren zientzialari biek, baita eremu klinikotik haratago joango dena arazoari errotik heltzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun