Elkarrizketak

Jon Etxebarria 'Txontxe': "Errituak indibidualismoari aurre egiteko gaitasuna ematen digute"

Laura Fontalba Colomo 2026ko ekainaren 12a

Jon Etxebarria "Udaburua" ipuin-kontaketan Gorlizen.

Pasa den martitzenean, Jon Etxebarria 'Txontxek' Udaburua liburuaren ipuin-kontaketa egin zuen Sertutxenako kultur aretoan, Gorlizen. Argitaratzen duen hirugarren liburua da: Kapuscinkiren erretrobisorea, helduentzako poesia liburua, 2021ean, eta umeentzako Olentzero-Enborra, 2022an, ere argitaratu zituen. Liburua haur-literatura gisa aurkezten bada ere, mozorrotuta dago: "Ez dut nahi istorioak umetzea, erritu komunitarioen deiadarra ere badira".

Aurreratu duenez, Udaburua abentura apur bat duen arriskuz betetako istorioa da, gure sustraietara eramaten gaituena eta bertan zer dagoen ikusi, ikasi, eguneratu eta erabiltzera eramaten gaituena. Udaburuan behar handi bat daukaten bi pertsonai daude, eta auzokideak salbatzearren, mehatxu bati aurre egin beharko diote; horretarako, udaburuaren sekretua aurkitu beharko dute. "Bidai esperimental bat da, pertsonai mitologiko askoren bidez gauza asko irakatsiko dituen istorioa", azaldu du Etxebarriak. Bertan izaki mitologiko asko ageriko dira: deunak, lamiak, galtzagorriak… eta umeek ezagutu eta imajinatu dezaketen mundu handia. Baina, Etxebarriak azaldu duenez, euskal mitologiaren garrantzitsuena ez da mundu magiko hori, baizik eta horre tradizioak ezagutzea.

Ohartarazi duenez, gaur egun, San Juan gaua ospakizun "oso arrotza" da, ez parte-hartzailea eta nahiko merkantilizatuta dagoena. Horregatik, horren inguruko istorioa falta zela sentitu zuen. "Udaburuan agertzen diren gauzak ez dira nik asmatu ditudanak. Istorioa bai asmatu dut, baina bertan agertzen diren errituak edo ohiturak ez ditut asmatu; gau horretan egiten diren gauzak errealak dira eta agertzen den sekretua erreala da baita: Gorbeian egiten zen, Lekeitio aldean, baita Urbasan, Nafarroan, ere", azaldu du. 

Ildo horretan, adierazi duenez, askotan errituak antzinako kontua direla pentsatzen dugu; hori dela eta, ohitura asko galbidean geratu dira. Usadio horiek gure arbasoakaz eta naturagaz lotzeko gaitasuna dutela ahaztu dugu. "Orain dela milaka urte egindako gauzak dira, baina kapitalismo honen zorapenen honetan frenatzeko aukera ematen digute; auzolana ekartzen dute eta komunitate eraikitzea sustatzen dute", azaldu du, zera gehituz: "Antzinako ohiturak beste modu batean bizitzeko pista asko ematen dituzte".

"Bertan agertzen diren errituak edo ohiturak ez ditut asmatu; gau horretan egiten diren gauzak errealak dira"

Bestalde, euskal ohiturak eta mitologia ezagutzea umeentzako aukera handia dela gaineratu du Etxebarriak: "Olentzero-Enborra eta Udaburua liburuak, batez ere azken hau, haur literaturaz mozorrotutako deiadar kultural bat dira; edo erritu komunitarioen aldeko deiadarra". Dioenez, "errituen behar handia daukagu", zeren eta errituek taldea elkartzen dute, komunitatea sortzen dute, ama-lurragaz lotzen gaituzte, eta frenatzea eta beste erritmo batean bizitzea ahalbidetzen dute. "Errituak indibidualismoari aurre egiteko gaitasuna ematen digute", aitortu du berak. Istorio hauekaz, umeek komunitatea eta iragana lantzen ikasiko dute. "Orain bat-bateko munduan bizi gara, pelikulak ikusten ditugu, sare sozialak erabiltzen ditugu… eta bakarrik edukiera motzak ikusteko gaitasuna dugu; ez digute frenatzeko unea ematen, eta frenatzea oso garrantzitsua da". 

Idazle gorliztarraren ustez, errituak lasaiago bizitzeko aukera ematen digute: naturagaz berriro konektatua egotera eramaten gaituzte, eta komunitatea eta auzolana eraikitzen dute. "Jakinduria hori guztia hartzeak eraikitzen jarraitzeko balio du. Jakinduria hori metagarria da nire ustez, eguneratu behar dena, baina horretarako gure sustraietatik hasi behar gara, baina aberastasun hori galdu egin da", tamaldu du.

Etxebarriak argi dauka bere helburua: lehen izandako ohiturak berreskuratzea, lasaiago bizitzeko, komunitate gisa eta gure sustraietatik gertuago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun