Udalaren esku-hartze horren bidez berdegune bat ariketa fisikorako eremu publiko, doako eta irisgarri bihurtu dute. Kirol-gune berria adin eta egoera fisiko desberdinetako herritarrei zuzenduta dagoela azpimarratu dute, eta Gorlizko Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuaren baliabide osagarri gisa ere erabiliko dute. Egitasmo horren helburua da pertsona inaktiboei ariketa fisikoa eguneroko errutinan txertatzen laguntzea.
Uztailean zehar, udal kirol-orientatzaileak saio praktikoak eskainiko ditu martitzen eta eguenetan, 10:00etatik 10:30era, aparatuak modu egokian eta seguruan erabiltzen irakasteko. Ekimenaren bidez, batez ere ariketa fisikoa egiteko ohiturarik ez duten herritarrek instalazioen aukerak ezagutu eta euren egunerokoan txertatzea bilatu gura dute. Zerbitzua Gorlizen erroldatutakoentzat izango da, eta aldez aurretik izena eman beharko da mugigorliz@gorliz.eus helbidean edo 624 357 290 telefonoan.
Ekipamendu berriak bi eremu nagusi ditu. Kalistenia gunea nerabeei eta gazte helduei zuzenduta dago bereziki, eta indarra zein erresistentzia lantzeko zirkuitu espezifikoa eta barra-elementuak ditu. Gune biosasungarrian, berriz, bizikleta eliptikoa, bizikleta estatikoa, pedal-sistema, abdominalak eta lunbarrak lantzeko indar-bolantea eta paseatzeko makina jarri dituzte, pertsona heldu eta adinekoentzat bereziki egokiak. Instalazioak azalpen-panelak ere baditu, erabilera segurua bermatzeko.