Aurtengo edizioan, ohiko pintxo lehiaketak ere ez du huts egingo. Herriko hamar pintxo dastatu eta baloratzeko aukera izango dute herritarrek zein bisitariek, eta, gainera, sari bat irabazteko aukera ere izango dute. Gutxienez bost pintxo probatzen dituztenak saski gastronomiko baten zozketan sartuko dira.
Parte hartzeko, pintxo bakoitza dastatzean zigilu bat jasoko dute Bonu-Pintxoan. Behin gutxienez bost zigilu bilduta, bonua taberna parte-hartzaileetan egongo diren hautestontzietako batean sartu beharko dute, urriaren 25eko 22:00ak baino lehen. Irabazlearen izena urriaren 31n jakinaraziko dute.
Aurten, gainera, lehiaketak berritasun bat izango du. Fernando Garcia Turismo eta Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, perretxikoek lekua izaten jarraituko dute, baina sasoiko beste produktu batzuei ere atea zabaldu gura diete.
Sukaldean ikasteko eta musikagaz gozatzeko aukera
Dastatu Urria ez da, ordea, pintxoak jatera mugatuko. Aste-akabuan zehar hainbat tailer, dastaketa eta hitzaldi antolatuko dituzte, sasoiko produktuei etekin handiagoa ateratzen ikasteko. Gazta dastaketa, basaloreen tailerra, mermelada eta saltsa gazi-gozoak prestatzeko saioa, Hot Pot sukaldaritza-erakustaldia eta onddo funtzionalei buruzko hitzaldia izango dira proposamenetako batzuk.
Eta janariagaz batera, musika ere ez da faltako. Billano Band, El Trastero Musik eta Andoni Ollokiegi arduratuko dira asteburuari doinua jartzeaz, DJ saioekaz batera. Hala, txikienentzako jarduerak eta publiko guztientzako proposamenak uztartuko dituzte hiru egunetan.
Plaza mugatuak dituzten tailerretan aldez aurretik eman beharko da izena. Horretarako, interesdunek Gorlizko Turismo Bulegora jo dezakete (Eloisa Artaza, 1), 94 677 43 48 edo 688 818 876 telefono-zenbakietara deitu, edo info@visitgorliz.eus helbidera idatzi.