Elkarrizketak

"Jendeak Martina hobeto dagoela ikusten du, baina ez daki gure etxean zer gertatzen den"

Bihar bildutako dirua Martinaren errehabilitaziora eta tratamenduetara bideratuko da.

Lau urte zituen Martinak FIRES Sindromea diagnostikatu ziotenean. Egun batetik bestera, haren eta familia osoaren bizimodua aldatu zen. Ordutik, gurasoek alaba ahalik eta autonomoena izan dadin dihardute lanean, eta bide horretan ez daude bakarrik. 

Bihar, azaroaren 28an, Gorlizko hainbat gaztek eta dantzarik elkartasun-jardunaldia antolatu dute Martinari laguntzeko zein gaixotasun arraroak dituzten familien errealitatea ezagutarazteko.

"Parke baten ondotik igarotzen naizenean, pentsatzen dut zeinen gustura ikusiko nukeen nire alaba beste umeekin txirristan jolasten. Gaur egun ezin du, baina etorkizunean egin ahal izango duela pentsatzen dugu". Horixe da Martinaren amaren desiretako bat. Beste bat, alaba berriro hitz egiten entzutea.

Lau urte zituela diagnostikatu zioten Martinari FIRES sindromea, jatorri ezezaguneko gaixotasun arraroa. Ordura arte, ordea, ez zuen osasun-arazorik izan. "Diagnostikoa eman ziguten eguna gure bizitzako egunik txarrenetako bat izan zen. Lau urteko alaba bat duzu, inolako gaixotasunik edo desgaitasunik ez duena, eta, bat-batean, mundua erortzen zaizu". Gertatutakoa barneratzea ez zen erraza izan; izan ere, urtebete inguru behar izan zuten.

"Orain irribarre egiten digu, besarkatu egiten gaitu, baita osaba-izekoak eta amama ere. Lehen ez zuen halakorik egiten. Musuak ere ematen dizkigu"

Ospitaletik irten zenean, Martinak ibiltzeko, hitz egiteko eta jateko zailtasunak zituen, baita emozioak adierazteko eta ingurukoakaz komunikatzeko ere. "Ez zuen kanpoko munduarekin harremanik, bere munduan balego bezala zegoen", gogoratu du amak.

Ordutik, ordea, aurrerapauso handiak eman ditu. Mugikortasuna bi aste inguruan berreskuratu zuen, eta egun korrika ere egiten du. Ahotik jaten hasi da berriro, eta sabelean jarri zioten botoi gastrikoa botikak emateko baino ez dute erabiltzen. Komunikatzeko eta emozioak adierazteko gaitasuna ere berreskuratzen ari da, apurka-apurka: "Orain irribarre egiten digu, besarkatu egiten gaitu, baita osaba-izekoak eta amama ere. Lehen ez zuen halakorik egiten. Musuak ere ematen dizkigu".

Gau eta egun, Martinaren ondoan

Hobekuntzak nabariak diren arren, Martinaren amak aitortu du jendeak ez duela beti atzean dagoena ikusten: "Jendeak Martina ondo dagoela ikusten du, askoz hobeto dagoela eta egunero hobera egiten duela, baina ez daki gure etxean zer gertatzen den".

Martinak laguntza behar du janzteko, bainatzeko eta eguneroko beste hainbat zeregin egiteko. Gainera, gaixotasunaren ondorioz, edozein unetan izan dezake krisi epileptikoren bat eta horregatik, gurasoek ezin dute bakarrik utzi, ezta lo dagoenean ere: "Aitak edo nik, biotako batek, gauero egiten dugu lo berarekin, krisiren bat izan dezakeelako".

"Aitak edo nik, biotako batek, gauero egiten dugu lo berarekin, krisiren bat izan dezakeelako"

Badira, gainera, Martinak lo egiteko zailtasun handiak dituen egunak. Aste honetan bertan, adibidez, amak ia 48 ordu eman ditu lo egin barik: "Baditu oso urduri dagoen egunak, eta ez dago lasaituko duen ezer. Lehen egunean, kasu, gauerdian esnatu zen eta ez zen hurrengo gauera arte lokartu. Goizeko 08:30ean eskolara joan zen, eta oraindik lo egin barik geunden".

Nekeak eta lo faltak ere badute eragina gurasoen aldartean. Izan ere,  haien esanetan, "oso egun gogorrak dira, pazientzia handia behar duzun horietakoak". Eta, askotan, ezinekoa zaie egoki jardutea: "Gero errudun sentitzen zara, baina, azken finean, pertsonak gara".

Era berean, bikote-bizimodua aldatu egin zaie. Alabagaz gauero lo egin behar izateak, esaterako, elkarregaz lo egiteko aukera kendu die. Hala ere, eguneroko zailtasunen artean, Martinaren hobekuntzak aurrera jarraitzeko indarra ematen diete.

"Sei urte betetzean ez zaie gaixotasuna desagertzen"

Martinaren gurasoek ez diote tratamendu eta terapia berriak bilatzeari utzi. Alabaren bizi-kalitatea hobetzeko aukera guztiak aztertu gura dituzte: "Egunero Martinarentzat onena nahi dugu. Gure alaba da. Ez dugu botikak emate hutsean geratu nahi; gaixotasunaren jatorria bilatzen jarraitu nahi dugu".

Desgaitasunagatik eta mendekotasunagatik laguntza ekonomikoak jasotzen dituzte, baina badago bereziki kezkatzen dituen kontu bat; hau da, arreta goiztiarreko laguntza sei urtera artekoa da.

Martinak astean bi errehabilitazio-saio egiten ditu Bilboko klinika neurologiko batean. Urtebetez laguntza izan zuten saio horiek ordaintzeko, baina sei urte bete zituenean amaitu zitzaien eta, ordutik, familiak gastu horri aurre egin behar dio. "Ez zaigu bidezkoa iruditzen. Ume bakoitzaren egoera eta gaixotasuna ezberdinak dira. Sei urte betetzean ez zaie gaixotasuna desagertzen, eta errehabilitazioa behar izaten jarraitzen dute", kritikatu du amak.

"Ume bakoitzaren egoera eta gaixotasuna ezberdinak dira. Sei urte betetzean ez zaie gaixotasuna desagertzen, eta errehabilitazioa behar izaten jarraitzen dute"

Erosketen ordez, kultura eta elkartasuna

Black Friday-ren harira, erosketak nagusi diren aste-akabu honetan bestelako plan bat proposatu gura izan dute Gorlizko hainbat gazte eta dantzarik. Horrela sortu zen Martinaren aldeko elkartasun-jardunaldia antolatzeko ideia. "Asteburu honetan kontsumoa nagusi dela pentsatu genuen eta, beraz, kultura beharrezkoa dugula. Gure herrian kultura eta kirol asko dago, eta dantzari pilo bat gaude", azaldu du antolatzaileetako batek.

Herriko dantzarien eta elkarteen arteko harremanak baliatuta, indarrak batu eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Hiru lagun aritu dira antolaketa-lanetan, eta, hasieran lanez gainezka ibili arren, herritarren erantzunak asko erraztu dizkie gauzak. Saltokiek eta bizilagunek hainbat produktu eman dituzte elkartasun-azokarako zein tonbolarako, eta herritar asko euren kabuz eskaini dira laguntzeko: "Behar bat dagoela ikusten dugu, eta guztion artean behar horri erantzuten ari gara. Martinak eta haren familiak herriaren babesa sentitzea ere nahi dugu".

Dirua biltzea ekimenaren helburuetako bat da, baina ez bakarra. Martinaren kasua ezagutarazteaz gain, gaixotasun arraroak dituzten familien egunerokoa herritarrei hurbildu gura diete: "Gaixotasun arraroak ezezagunak dira, eta askotan ez dugu guztiz ulertzen zer dakarten pertsonarentzat edo familiarentzat".

Ez da Gorliz Martinaren alde mobilizatzen den lehen aldia, eta familiak esker onez hartu du beste behin herritarren ekimena. "Gorliz eta Plentzia urtero buru-belarri aritzen dira guri laguntzen. Ni Gorlizkoa naiz, eta izugarri eskertuta nago. Ez dut inoiz nahikoa denbora izango egiten duten guztia eskertzeko", adierazi du amak.

"Gaixotasun arraroak ezezagunak dira, eta askotan ez dugu guztiz ulertzen zer dakarten pertsonarentzat edo familiarentzat"

Bihar bildutako dirua Martinaren errehabilitaziora eta etorkizunean egin beharko dizkioten probetara, ikerketetara eta tratamenduetara bideratuko dute: "Diru guztia berarentzat da, ahalik eta gehien hobetu dezan eta ahalik eta autonomoena izan dadin".

Alabaren hurrengo hitzaren zain

Eskolan gero eta komunikatiboago dagoela esan diete gurasoei, ingurukoakaz harreman handiagoa duela eta jostailuakaz jolasten hasi dela. Orain, ahozko komunikazioa berreskuratzea da erronka nagusietako bat: "Datorren urtean hitzen bat esango digula uste dugu, baina denbora behar du. Egunero hobekuntzak ikusten ditugu: emozio berriak adierazten ditu, gurekin eta familiakoekin gero eta harreman handiagoa du...".

Etorkizunean, Martina ahalik eta autonomoena izatea zein bere kabuz gero eta gauza gehiago egin ahal izatea gura dute gurasoek. Bitartean, alabaren aurrerapauso bakoitza ospatzen jarraituko dute: "Bera gurekin egote hutsak ederrago egiten ditu gure egunak, eta horrekin nahikoa dugu zoriontsu izateko. Baina, harengatik, dena ematen jarraituko dugu. Beti aurrera, inoiz ez atzera".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun