Algortako gazteak, gurea eraikiz

Erabiltzailearen aurpegia

Bere izaera propioa duen kolektiboa osatzen dugun momentutik, ezaugarri komun batzuk konpartitzen ditugu gazteok. Eta gure bizitza herri berdinean garatzen dugun momentutik, errealitate konkretu bat konpartitzen dugu algortarrok. Horrela, eztabaidaezina da Algortako gazteok beharrizan komun batzuk ditugula. Eta beharrizan kolektiboak era indibidualean asetzea posible ez dela gauza jakina da, batasunak indarra ematen duela bezainbeste. Algortako gazteok bi baieztapen hauek argi ditugu. Horra galdera honen bueltan uda aurretik hona eztabaidatzen jarri izana: ze beharrizan ditugu Algortako gazteok? Martxan dabilen eztabaida honen nondik norakoak laburbiltzen dituen dokumentua duzu honakoa. Irakurri, eta interesgarria dela uste baduzu, ez izan zalantzarik; etorri!

0. SARRERA

Azken aldian ohikoa bilakatu da Algortako plazetan dozenaka gazte bilduta topatzea. Izan ere, uda aurretik gure beharrak identifikatu eta hauek asetzeko egin beharrekoak definitzeari ekin diogu. Hala ere, eta asko garela jakinda, gehiagoren ekarpenen beharraz kontziente gara. Zure ekarpenik gabe beraz, eztabaida hankamotz geratuko da. Animatu!

1. NONDIK GATOZ?

Hasiera puntu bezala Algortako gazte Asanbladaren “krisia” koka dezakegu. Izan ere, urteetan zehar herriko gazteentzako eskaintza zabala garatzen egon ostean (izan gaztetxea bera espazio autogestionatu modura, izan formakuntza saio ezberdinak, mota guztietako tailerrak, naturaren ezagutza sustatzeko jarduerak, euskara sustatzeko ekimenak, kontzertu eta antzerki saioak...), agortze puntu batetara iritsi zenaren ondorioa atera zuen bertako kidegoak. Hala ere, eta jakinik agian tresna horrek ez ziela Algortako gazteon beharrizanei erantzuten, argi ikusi zuten behar horiek egon bazeudela, eta nolabait konponbidea topatu behar zitzaiela. Horrela, eremu ezberdinetako hainbat gazterekin euren egonezina konpartitu ostean, denen artean gazte guztioi deialdi zabala luzatzea erabaki zen. Galdera sinplea zen: zer beharrizan ditugu?

2. NON GAUDE?

Hasierako momentutik beharrizan bat identifikatu genuen zalantzarik gabe: gazteok gure artean harremantzeko espazioen beharra daukagu, eta horretarako eskaintza faltaren ondorioz, guk geuk sortu behar dugu eskaintza hori.

Behin hau argi edukita, eztabaidan sakontzen joan ginen, 50 eta 20 gazteren artean bilduz asanblada bakoitzean. Baina eztabaidak aurrera egiten zuen artean, harremanak sustatzeari ere ekin genion; horren adierazle da azken aldian Algortan sortutako giroa. Hor ditugu Algortako Gazte Eguna, Indabada, Portu Zaharreko jaietan antolatutako ginkana... Eta orain gabon zaharrean ere zer edo zer antolatzeari ekin diogu. Ondo joan den urtea ondo buka dezagun, datorren urtea ere animo berdinaz hasiz!

Eztabaidan sakontzen joatean, baina, lehen erronka hau hobe definituz joan gara, eta azaroaren 29an antolaturiko asanbladan helburu konkretu batzuk jarri dizkiogu gure buruari:

  • Aisialdi eskaintza propioa garatu
  • Kaleak berreskuratu eta herri izaera sustatu
  • Balore parekide eta justuetan hezi

Hau dena, ahalik eta gazte gehienen parte hartzearekin eraman nahi dugu aurrera, gazteok gazteontzako osaturiko eskaintza sortzeko. Horrela, eta jakinik erronka hauek ez direla puntualak, hauei aurre egiteko tresna iraunkor eta zabal bat sortzeko apustua egiten dugu.

3. ETA ORAIN ZER?

Orain, tresna iraunkor eta zabal hori zer izango den erabakitzeko momentua iritsi zaigu, eta klabea ahalik eta gazte gehienen artean erabakitzea da.

Zer da behar duguna? Mugimendu zabal bat? Asanblada? Gazte elkartea? Aisialdi elkartea? Konpartsa? Lokala? Horietariko edozein erantzun izan liteke egokiena, eta agian bertan ez dauden formak ere. Jakinik ez direla denak kontrajarriak, batak ez duela bestea alboratzera behartzen, goazen guk behar duguna zer den erabakitzera. Ez dezala inork zuregatik erabaki!

Gonbidapena luzatzen diogu beraz beharrizan hauek konpartitzen dituen Algortako gazteria osoari hurrengo asanbladara hurbiltzeko.

  • Data: abenduaren 13a, igandea
  • Ordua: 20.00ak
  • Lekua: Txiki-Otaegi/San Nikolas plaza

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun