Proposamenak eskuan, bagoaz aurrera!

Erabiltzailearen aurpegia

Abenduaren 27an egindako asanbladan aurrerapauso handia eman genuen. Proiektuaren filosofia, izaera eta helburuak behin definituta, forma ematen hasi ginen. Antolakuntza ereduaren inguruan jardun genuen, komunikazio bide ahalik eta eraginkorrenak zelan bermatu ibili ginen eztabaidan, proiektuan parte hartuko dugunon zaintzari tarte nabaria eman genion, eta lokal fisiko baten beharra aztertu genuen. Ez da gutxi! Hala ere, ez genuen ezer zehaztutzat eman. Asanblada horretatik ateratako ideiak hartuta, hainbat lantalde osatu genituen, gai konkretuen gaineko (antolakuntza eredua, zaintza, komunikazioa, lokala) proposamenak egiteko. Beraz, oraindik ezer erabaki gabe daukagu. Hurrengo urtarrilaren 17an, 19.00tan Txiki-Otaegi/San Nikolas plazan egingo dugun asanbladan hartuko dugu erabakia zurekin batera.

Bitartean, eta girotzen joan zaitezen, hona bi proposamen:

Zaintzarako proposamena

  1. Helburuak:
    1. Taldearen kohesioa mantentzea.
    2. Mugimendu horizontala bermatzea, hierarkiarik gabe.
    3. Arazoen aurrean, konponbideak bilatu eta pentsatzea.
    4. Komunikazio bideak eraginkorrak direla bermatzea.
    5. Algortako Gazte izaera bermatzen dela ziurtatzea.
    6. Pertsona moduan eta talde barruan guztiak eroso sentitzea ziurtatzea.
    7. Koordinazio gunea auto-erregulatzea.
  1. Proposamenak:
    1. Koordinazio gunearen bileretan, behar izatekotan, tarte bat zaintzari eskaintzea, guztion ardura izanik, eta lan talde bakoitzeko zaintzaren ordezkari bat egonik.
    2. Etorkizunari begira eta talde potenteak sortzen badira; lan talde bakoitzean zaintzaz arduratzen den pertsona bat edo gehiago egotea. Arazoren bat egotekotan, hauek koordinazio guneari komunikatu eta bilera baten bitartez guztion artean erabakitako konponbidea bilatzen saiatuko ginateke.
    3. Koordinazio gunearen barruan, zaintzaz arduratzen diren pertsonak egotea. Euren ardura Algortako Gazteen izaera mantentzen dela bermatzea izango litzateke.

Proposamen guztietan, noizbehinka, urtean birritan adibidez, lantaldeei ebaluazioa egingo litzaieke, zer hobetu daitekeen baloratu ahal izateko.

Antolakuntza eredurako proposamenak

  1. Helburuak:
    1. Marko/Gune ezberdinen arteko harreman iraunkorra ziurtatzea.
    2. Antolakuntza eredua ere proiektuaren izaera eta filosofiaren berme izatea.
    3. Proiektuaren helburuei erantzutea (Aisialdi eskaintza propioa garatu, kaleak berreskuratu eta herri izaera sustatu, balore parekide eta justuetan hezi)
    4. Proiektuaren zabaltasunaren ispilu izatea
    5. Ahalik eta gazte gehienei espazioak eskaintzea
    6. Eta oro har proiektuaren zein bertan parte hartuko dugun kideon garapen egoki eta osasuntsuari erantzutea
  1. Proposamenak:

Proiektu honen asmoa ahalik eta aisialdi eskaintza zabalena egitea izanik, eskaintza anitz hori bermatu ahal izateko talde ezberdinak sortuko direla aurreikusten dugu, bakoitza gai bati lotua (irakurle taldea, mendi taldea, dantza taldea, txaranga, batukada, eztabaida taldea...). Hala ere, talde hauen eskaintza konkretutik haratago doan egitarau bat garatu beharra ikusten dugu, eta honi erantzuteko, norberaren interesetatik aparte, bestelako espazioak antolatzeko beharra. Horretarako beraz, ezinbestekoa da taldeen arteko koordinazioa eta hauen arteko elkarlana.

Koordinazio eta elkarlan hau bermatzeko, zein proiektuaren beraren izaera globala mantentzeko, hona, beraz, antolakuntza ereduari lotuta egiten dugun proposamena:

Hiru espazio ezberdin egongo lirateke: koordinazio gunea, bozeramaileen asanblada eta asanblada orokorra.

  • Koordinazio gunea:
    • Proiektuaren garapen egokirako egin behar diren bilerak dinamizatzeaz enkargatuko litzateke.
    • Proiektuaren osasuna egokia dela ziurtatzeko balorazioak egingo lituzke, detektatutako arazoak kide guztien artean konpartituz eta beharrezkoa ikusiko balu konponbideak edo planteamendu berriak proposatuz.
    • Horrez gain, proiektuaren garapenerako ezinbesteko diren funtzioak betetzen direla bermatuko luke. Horretarako, funtzio horien betetzeaz arduratuko liratekeen kide ezberdinek hartuko lukete parte bertan. Kide hauek, aldi berean, funtzio horien zailtasunaren arabera, talde propioak garatzea aukera bezala ikusten da. Ardura hauek bete beharko lituzketen pertsonek asanblada orokorraren oniritzia jaso beharko lukete:
      • Zaintza arduraduna: zaintzari lotuta erabakitakoa betetzen dela bermatuko luke.
      • Barne harreman arduraduna: marko/gune ezberdinen, zein proiektuaren parte hartzaileen arteko komunikazioa eta harremana egokia dela bermatuko luke.
      • Kanpo harreman arduraduna: proiektuaren kanpo proiekzioa egokia dela bermatuko luke, eta baita herriko gazteek euren ekarpena egiteko bide nahiko dituztela.
      • Sormen arduraduna: eskaintza anitza eta berritzailea dela bermatuko luke.
      • Baliabideen arduraduna: proiektuak behar dituen baliabide materialak lortu eta era egokian kudeatzen direla bermatuko luke.
    • Maiztasuna: astero edo bi astero.
  • Bozeramaileen asanblada:
    • Talde guztietako ordezkariek hartuko lukete parte, hauek aldakorrak izan daitezkeelarik. Bertan sinpleki euren taldeen bozeramaile papera beteko lukete. Honez gain, koordinazio guneak presentzia izango luke bertan.
    • Aisialdi eskaintzaren agenda koadratuko luke. Ordurako data guztiak barne komunikazio arduradunak jasota edukiko lituzke, bertan koadratze ariketa soila egiteko.
    • Proiektuari lotutako hausnarketa ezberdinak egingo lituzke.
    • Tarteka, proiektuaren inguruko balorazioak egingo lituzke, urgentziazko arazoren bat topatuz gero ohiz kanpoko Asanblada Orokorra deitzeko eskubidea izanik.
    • Maiztasuna: hilabetero.
  • Asanblada Orokorra:
    • Irekiak izango lirateke, Algortako gazte orok eskubidea izanik parte hartzeko.
    • Proiektuaren oinarriak zalantzan jarriko lituzketen erabakiak hartzea asanblada honi legokio soilik.
    • Hurrengo asanbladarainoko egitarau globala osatuko luke (talde espezifikoen eskaintzaren inguruan erabakiak hartzea soilik talde horietako kideei dagokiela kontuan hartuz), beharrezkoa balitz egitarau hori aurrera ateratzeko espazio/talde berriak sortuz.
    • Proiektuaren inguruko balorazio orokorrak egingo lituzke, hauen gainean erabakiak hartuz. Balorazio hauek “bozeramaileen asanbladan” zein “koordinazio gunean” egindako balorazioetan ateratako gakoekin aberastuko lirateke.
    • Koordinazio gunean nork parte hartuko duen erabaki, beti ere hautatutako pertsona ados egonik bertan parte hartzearekin.
    • Maiztasuna: Irailean/Urtarrilean/Apirila-Maiatzean/Uztailean

Proposamen honek proiektua zelan irudikatu dugun, horri erantzuten dio. Hala ere, eta azken asanbladan esan bezala, guztion artean sortzen joango garen proiektua da hau. Beraz, martxan jarriko den egunean, oraindik ere nahi dugun hori izatera heltzeko bidea egiteke edukiko dugula jakitun, antolatze eredu honetara bidean trantsiziozko ereduak planteatzea proposatzen dugu. Esaterako, bozeramaileen asanblada beharrean asanblada orokorra hilabetero egitea, bertan bi marko hauek bete beharreko funtzioak betez (agenda koadratu, ekintza globalak planteatu, oinarriak zalantzan jar litzaketen erabakiak hartu...).