Berangoko Udalak ez ditu uralita eta beste hondakin batzuk jaso nahi Santa Ana auzoko naturgune batean

Aurkitutako uralita gorpuzkiak. © BERANGO LURRAREN DEFENTSAN

Berangoko Udalak ez ditu uralita eta tamaina handiko beste hondakin batzuk jaso nahi Berangoko Santa Ana auzoko Lipperheide familiaren lursailetik. Berango Lurraren Defentsan taldea Udalarekin harremanetan jarri ginen hondakinak jasotzeaz ardura zedin; isiltasuna, zentsura eta akusazioak izan dira Udalarengandik jasotako erantzunak.

Hilabete baino gehiago pasa da, eta han botata jarraitzen dute uralita eta gainontzeko zaborrak. Jarrera honen oinarrian Udalaren asmo espekulatzaileak daude: pelotazo urbanistiko bat Amenabar enpresa eraikitzailearen eta Lipperheide familiaren eskutik. 

Urtarrilaren 31n, Berango Lurraren Defentsan taldekook zabor bilketa herrikoia antolatu genuen. Horrela, Itze erreka inguruko hezegunea garbitu genuen. Urteak dira Udala eta jabeak berdegunea zaintzeaz arduratzen ez direla. Plastikoz, beiraz eta bestelako hondakinez beteriko poltsa asko kontainerretara bota genituen. Kontainerretan sartzen ez ziren tamaina handiko hondakinak pilaturik utzi genituen. Gutxi balitz bezala, uralita gorpuzkiak topatu genituen artadian botata. Uralita oso hondakin toxikoa da, osasunarentzat eta naturarentzat arriskutsua.

Udalarekin harremanetan jarri ginen berehala. Kide batek telefonoz deitu zuen, eta artatu zutenek lursail partikular batean sartu izana leporatu zioten hondakinengatik kezkatu beharrean. Berarekin harremanetan jarri zirela esan zioten gure kideari. Deiaren zain gaude oraindik. Erantzunik jaso ez genuela ikusita, email bat bidali genien eskaera berarekin Udalari zein Ingurumen Sailari. Oraindik ez digute ezer erantzun. Gainera, herritarrak entzuteko omen den Udalaren aplikaziotik ere egin genuen eskaera. Baina Udalak, erantzun beharrean, iruzkina kendu zuen inork ikus ez zezan.

Udalak ez du gune natural hau zaintzen, dirua irabazteko eta eraikuntza enpresen poltsikoak betetzeko aukera baino ez du ikusten bertan. Haiek ez bezala, guk uste dugu merezi duela landak zaintzea, hezegunea eta Itze ibaia garbi edukitzea, denon gozamenerako. Borrokan jarraituko dugu.

Zain dezagun natura! Espekulaziorik ez!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun