Berangoko porlan-oldeak ez du etenik, 2326 etxebizitza gehiago eraiki nahi dituzte gaur egun 2658 etxebizitza dituen herrian. Espekulazioak Otxabene, Otxandategi, Etxebarri, Arana eta Mastigane suntsituko ditu eta herriak beste 40 ha berde galduko ditu, (80 futbol zelairen hedadura).
Triskantza hau naturaren eta nekazaritzaren aurkako eraso zuzena da. Betiko galduko ditugu uholdeak galarazten dituen Itze inguruko hezegunea, artadia eta besteak beste hegazti askoren babesgunea diren ekosistemak. Bereziki lur emankorrak dira galduko ditugunak, abeltzaintza eta nekazaritzarako urte askoan erabilitakoak, gaur egun ere behientzat erabiltzen diren landak hain zuzen.
Eraiki nahi dituzten BOEak (Babes Ofizialeko Etxebizitzak) ez dira etxebizitza sozialak, denak dira salmentazkoak eta hori gutxi balitz legeak baimendutako preziorik altuenean. Otxabeneko lehen sektoreko etxebizitzen zerrendak ez dira herritarrekin bete herriko jende askok ezin duelako 200.000€-tako etxebizitzarik erosi. Ziurrenik, urtean 64.080€ irabazten dituen Anabel Landa alkatea ez da herri xehearen errealitate materialaz ohartuko. Esaterako, lan oparoa ekarriko ei zuen Landaida merkatalguneko langileek ezin dute BOErik erosi herrian.
Salmentazko BOEek dituzten mugak direla eta, Eusko Jaurlaritzak berak BOEak alokairuzkoak izatea bultzatzen du. Esaterako, indarrean dagoen legearen arabera, lur publikoan alokairuzko BOEak baizik ezin daitezke eraiki. Hara non Berangoko Udalak lur publikoak konstruktoreei saldu dizkion alokairuzko BOEak izateko aukerak galduz.
Udalak Otxanbeneko eta Etxebarriko lurrak saldu ditu oraingoz. Lur salmenta horiek irregulartasunez beteak daude. Udalak Amenabarri lur batzuk trukatu zizkion Ikaza jauregiagatik, gutxienez 43 urte hutsik egoteagatik expropiatzeko aukera ere bazuenean. Udala ez zen Ikaza jauregira sartu ere egin eraikinaren egoera ikusteko. Eraikuntza enpresaren eskaintza onartu zuen besterik gabe. Aprobetxamendu urbanistikoaren eraginez Udalak jaso beharko lituzkeen lurrak saldu izana (non 68 alokairuzko etxe sar zitezkeen) ilegala da.
Presaka dabiltza, badakitelako 2019ko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) ez duela onartzen Berangon horrenbeste etxe eraikitzerik. Horregatik ez dute berriztu orain bi urte iraungi zen HAPOa, bestela ezingo luketelako sarraski hau egin. Bestalde, Lurralde Plan Partzial (LPP) berria idazten dabiltzan teknikariek Otxabene eta Otxandategin ezin dela eraiki diote haien txostenetan. Horregatik, Amenabarrek lehen bait lehen ekin nahi dio Udalak saldu dizkion Otxabeneko lurrak suntsitzeari, dagoeneko artadiko arte asko moztu dituzte obra lizentzia guztiak izan ez arren.
Hirigintza plan hau herriaren interesetara ez egotea gutxi balitz, inongo parte hartzerik gabe inposaturiko erabakiak dira. Galdetu al dizu inork hirigintza planen inguruko ezer? Galdetu al dizute zer Berango nahi duzun? Zergatik egon behar du Berangok gutxi batzuen etekin ekonomikoen mesedetara? Aguirre-Lipperheide familia lur-jabe handia; Amenabar, Sukia eta bestelako konstruktoreak; Mercadona, Decathlon, Lidl, Burger King eta gainontzeko multinazionalak; horiek al dira gure herriaren jabeak? Zergatik dago Udala haien mesedetara?
LUR BARIK, ARNASIK EZ!
2008an Andra Mari eraikuntza masibotik salbatu zuen lelo honek.
Berangon, 2021ean, eraikuntza masiboa gelditzea gure esku dago.
Hauek dira gure exijentziak:
- Obrak gelditzea eta iraungi den HAPOa berriztea.
- Egin gabe dagoen etxe hutsen eta etxebizitza beharraren inguruko azterketa egitea.
- Etxebizitzak eraiki behar izatekotan erdigunean izatea, ahalik eta lur eremu gutxien kaltetuz.
- Alokairuzko BOEak, ez salmentazkoak eta kale gorrian bizi direnentzat etxebizitza.
- Herri lurrak berreskuratzea, eraikiko ez diren lur horiei erabilera komunala emanez.
- Lehen sektorea bultzatzea, herriaren elikadura subirautza helburu.
- Gune naturalak berreskuratzea eta kontserbatzea.
- Eukalipto landaketak bertoko basoarekin ordezkatzea.
- Benetako trantsizio ekologiko eta sozialki justu baterako pausuak ematea.
- Guzti horren nondik norakoak herriaren partehartzearekin zehaztea.