Gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko asmoz sortu da egitasmoa. Gaztetxo eta haurren beharrei begira pentsatu baina familia osoarentzat ere baliagarriak diren edukiak garatu dituzte.
Euskal Herriaren historiaren kontakizuna modu atsegin eta errazean azaltzea dute helburu egitasmo honetako argitalpen guztiek. Horretarako sortu dituzte historian barrena eramango gaituzten Lur eta Amets anai-arrebak, amona Andere eta Baltaxar katua pertsonaiak. Dei Gaztelumendi eta Patxi Pelaez ilustratzaileek irudikatu eta eman diete bizitza pertsonaia hauei.
Hezkuntza munduan Ikastolek, aisialdian Katxiporretak eta edizioan Elkarrek, denok egin dugu antzeko gogoeta: gure herriaren historia geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzea oso garrantzitsua da; gaztetxo eta haurren munduari egokitutako antzeko egitasmorik ez dago; eta beharrezkoa da haiei Euskal Herriaren historia modu atsegin eta erraz batean aurkeztea; memoria bildu, eta, ezagutza hori guztia, gure ondorengoei, atzetik datozen belaunaldiei transmititzea.
Horrenbestez, gogoeta eta hausnarketa aldia gainditzeko unea iritsi zitzaigun; ideiak ondu, irizpideak zehaztu eta urratsak ematen hastekoa. Indarrak bildu, elkar hartu eta aurrera egitekoa. Lau urteko ibilbideak erakutsi digu, beste behin, bakarka zailak edo ezinezkoak diren bideak ireki eta urratu litezkeela elkarlanean. Eta ikusi dugu batera eta bateratuta, Euskal Herriari eskaini diezaiokegula egitasmo sendo bat.
Elkarlanean ez ezik, bakoitzak bere eremutik ere, teoriatik praxira bitarteko urratsak sarritan eman ditugu. Gure herriaren garapenerako eta egituraketarako giltzarria den Euskal Curriculumaren zehaztapena eta aplikazioa izan da eta izaten ari da horren adibide behinena. Urte askoan ari gara hiru etxeok, bakoitza bere eremutik, Euskal Herriko haurrek eta hezitzaileek Curriculum propioa barneratu dezaten lanean, horretarako bitartekoak eta tresnak eskura jarriz eta aplikaziorako espazioak eta eremuak eskainiz.
Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia egitasmoa ibilbide hori aberastera dator, osatzera, sendotzera. Ez ginen, esan dugunez, ezerezetik abiatzen; urte lezeetako jardunean eskarmentu eta ezagutza apur bat metatu dugu, zailtasunak eta mugak gainditzea zer den ikasi behar izan dugu, eta, batez ere, egiten eta eraikitzen jarraitzeko determinazioa eta ilusioa dugu. Une egokia zen, une egokia da, orain argitara eman dugun egitasmoa abiatzeko. Une egokia abiatzeko, eta abagune interesgarria urrats gehiago emateko. Gaur aurkeztu eta plazaratzen duguna abiapuntua da guretzat, esanahi eta garrantzia berezia duen egitasmo baten hasiera. Bidelagun berriak inguratu nahi genituzke proiektura, konbentzituta baikaude, indarrak metatuz datozen belaunaldientzat, hezkuntza komunitatearentzat eta oro har euskal gizartearentzat baliagarria den ekarpena egitea lortuko dugula.