Ikastolak eta etorkinak

Erabiltzailearen aurpegia Betiko Ikastola 2016ko mar. 25a, 19:57

Azken asteetan adierazpen ugari egin dira atzerriko jatorria duen ikasleriari eta haien eskolatzeari buruz, eta ia adierazpen guztietan itunpeko eskolei kolektibo horrekiko inplikaziorik eza leporatu zaie. Adierazpen horietako askotan ikastolei zeharkako eta zuzeneko akusazioak egin bazaizkigu ere, ikastolok argi daukagu ikasleria honen eskolatzea herri apustu bat dela, hezkuntza eragile guztiok konpromisoa izan behar dugula horretan eta geure erantzukizunak bete behar ditugula.

Noski, ezin ditugu begiak itxi egungo errealitatearen aurrean: atzerriko jatorria duten ikasle gehienak eskola publikoetan eskolatzen dira, eta horrek ez du laguntzen eskolatze hori modu inklusibo eta orekatuan eta aniztasuna ziurtatuz izan dadin. Galdetu behar dugu, dena den, nola iritsi garen egoera honetara eta zeintzuk diren desoreka honen arrazoiak.

Jaurlaritza guztietako Hezkuntza sailetatik neurriak hartu izan dituzte egoera hau jazo ez dadin, baina, egungo sailburuak berak onartu duen moduan, ez dira “eraginkorrak” izan. Orain, berriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik edota Eusko Legebiltzarretik neurri gehiago planteatzen hasi dira  hezkuntza sektorearen erdia aintzat hartu gabe. Ez zaigu iruditzen bidea hori denik.

Onar genezake baldintza ekonomikoak edo gure hezkuntza proiektua ez izatea erakargarri jatorri horretako ikasleak Ikastoletan matrikulatzeko. Baina Ikastoletan argi daukagu modu inklusiboan eta aniztasuna errespetatuz eskolatzeak gure hezkuntza proiektuak aberasten dituela, eta, argi eta garbi esan behar dugu gure herrian euskararen normalizazioa erdiesteko ezinbestean behar ditugula atzerriko jatorria duten ikasleak.

Aitortu behar dugu gure ikastoletan ere ez dela egoera homogeneo bat ematen; zenbait ikastolatan atzerriko jatorria duten ikasle portzentaje azpimarratzekoa ematen da, beste batzuetan, aldiz, oso txikia da presentzia hori. Hala ere, ez kuotak, ez matrikulazio irizpideak, ezta ikastetxe publikoetako atzerriko jatorria duten ikasleen portzentaje altuak azaltzeko erabiltzen dituzten klixeak ere, ezin dira erabili esplikatzeko zergatik dagoen ikastola batzuetan besteetan baino atzerriko jatorria duten ikasleen portzentaje handiagoa.

Azpimarratu nahi dugu egoera hori sare guztietan ematen dela, eta portzentajerik handiena sare publikoan eman arren, ez duela esan nahi sare horretan ikasleria hori modu orekatuan banatzen dela; aitzitik, sare publikoko ikastetxe batzuetan portzentaje oso handiak daude eta beste batzuetan oso txikiak, eta desoreka horiek udalerri bereko ikastetxe publikoen artean ere ematen dira.

Azken batean, gure ustez, egoera honen arrazoiak sakon aztertu behar dira. Egia da neurriak hartu beharko direla atzerriko jatorria duten ikasleen lehen matrikulazioa sareen artean modu orekatuan egin dadin, eta finantzaketa publikoa duten ikastetxeen onarpen irizpideak ere moldatu egin beharko dira egungo desorekak eragozteko. Baina egun ere kolektibo horretako ikasleek, gainontzeko guztiek bezala, beste ikastetxe batzuetara joateko aukera daukate, eta hor aztertu behar da zer neurri adosten ditugun eskola publikoan ematen den atzerriko jatorria duten ikasleen kontzentrazio handiak murriztu daitezen.

Era berean, zenbait eragile eta kolektibok planteatutako neurri batzuekin ados gauden arren, ezin liteke egungo egoera hau aitzakia gisa erabili, adibidez, matrikulaziorako lurralde bulego bakar bat sortzea planteatzeko; ez liokeelako irtenbiderik emango arazoari eta ez litzatekeelako bateragarria izango herritarren hezkuntza proiektua aukeratzeko askatasunarekin.

Uste dugu, dena den, gai honek eta beste batzuek agerian uzten dutela hezkuntza sistema osotasunean arautuko duen lege bat egiteko premia. Legea aipatuta, eta gai honi zehazki lotuta, irizpide batzuk aurkeztu nahi ditugu, etorkizunean onar daitekeen Hezkuntza Legeari begira aintzat har daitezen:

  • Gizaki guztiek izan behar dute sarrera zuzena eta aukera berdina hezkuntza eskubidea gauzatzeko.
  • Eskubidea bermatzeko eta ikastetxearen aukera egiteko ikaslearen egoera soziala kontuan hartu behar da.
  • Aniztasunaren integrazioa eskolaren jardueraren ildoa izango da, beharrizan bereziko ikasleek ikastetxe guztietan tokia izan behar dutelarik. Izan ere, ikastetxe batek era guztietako ikasleak hartzeko prest agertu behar du, ezin da baztertzailea izan, beti ere, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren ezaugarriak errespetatuz eta zainduz.
  • Irizpide hauek errealitatean gauza daitezen, Administrazioak, behar besteko baliabideen ekarpena eginez, benetako dohaintasuna bermatu behar du ikastetxe guztietan, jatorrizko baldintza ekonomikoek eragotzi ez dezan ezein ikasleren sarrera ezein ikastetxetan
  • Irizpide hauetan oinarriturik, edozein ikastetxek, dagoen eskola eremuan, edozein beharrizan bereziko ikasleen eskolaketan bere matrikulazio-tasaren neurriko konpromisoa hartu beharko luke.

Ikastolok atzerriko jatorria duen ikasleriaren eskolatze inklusibo eta orekatua ziurtatuko duen ereduaren aldeko konpromisoari eusten diogu, eta hura ziurtatuko duten neurriak ezartzeko hezkuntza eragile guztiekin batera lan egiteko prestasuna berresten dugu. Espero dugu Eusko Jaurlaritzak, alderdi politikoek eta gainontzeko hezkuntza eragileek ere lan marko hau ahalbidetuko duen jarrera erakutsiko dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun