Lemoizko zentral nuklearrak "okupatzen" duen natur-gunearen etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Etzandarri Euskal Mendi Taldea 2026ko martxoaren 20a

Entzandarri Euskal Mendi Taldeak zentral nuklearraren inguruko natur-gunak babestearen lehentasuna aldarrikatu du. © ETZANDARRI

Aurreko astetan, Lemoizko zentral nuklearrari buruz berri desberdinak lau haizetara zabaldu dira komunikabideetan eta halakoak irakurri izan ahal ditugu: "Gobernuak Lemoizko zentral zaharraren berreskurapena desblokeatzen du eta dikearen errefortzua martxan jartzen du", edo "Lemoizko zentral nuklearraren etorkizuna erabakitzeko herri-kontsulta bat eskatu dute Uribe eta Uribe-Kostako EH Bilduko alkateek eta indenpendenteek”.

Euskal Herriko Mugimendu Ekologistaren iritzia eta erreakzioaren zain, agertutako albistearen aurrean Etzandarri Euskal Mendi Taldeak, "Lemoizko itsaslabarrak Naturagune babestua" proposamenaren egilea den heinean,  bere iritzia kaleratu nahi du.

Argi dago, ez Eusko Jaurlaritzak, ez Azpilurrek, ez Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak, eta ezta EH Bilduko alkateek ere, ez dakitela ezer (eta zoritxarrez ez zaiela interesatzen jakitea ematen du) Lemoizko zentral nuklearraren lurrek hartzen duten eremu naturalaren hedaduraz eta haren balio ekologikoaz, geologikoaz eta paisaia-balioaz; izan ere, etengabe "zentral nuklearrera" murrizten dute arazoa, eta ez dute inoiz aipatzen zein naturgunetan dagoen kokatuta.

Oraindik zutik dauden zentral nuklearraren instalazioek okupatzen duten espazio natural basati eta liluragarria eremu horren zati txiki bat baino ez da.  Naturgunea bere osotasunean hartzen badugu 184 hektareako lursailaz ari gara eta zentral nuklearraren hondakinaz gain, besteak beste, itsas-labar ikusgarriak, Flysch beltz zoragarriaz osatutako marea-zabalgune  aparteko bat,  Ezohiko sistema hidrologiko bat, gutxienez 6 ibai, urtegi bat, presa bat, eta hiru tuneletik zehar doan  2 kilometroko  ubide batez osatutakoa,  abandonatutako 2 baserri, dagokien landazabal atlantikoaz inguratuta, bertoko  harizti eta artadi kantauriarreko zuhaiztiak, hostozabalen landaketak (gereziondoak edo haritz amerikarra) eta balio ekologiko eta paisajistiko handiko dozenaka Hektarea, bere biodibertsitate aberatsa mehatxatzen duten espezie inbaditzaileek degradatuak eta inbadituak topatuko ditugu bertan.

Horretaz gain, eremu osotik barreiatuta  gaur egun erabiltzen ez diren dorretxo, alanbrada eta zaintza eta kontrol-eraikuntzen hondakinak eta legez kanpoko zabortegi ere  nonahi topatuko ditugu.

Etzandarrin uste dugu edozein jarduera eta/edo balizko kontsulta egin aurretik beharrezkoa dela planteamenduan "zentral nuklearra" aldatzea eta horren ordez "zentral nuklearrak okupatutako natur-gunea" jartzea.

Irtenbidea, zentrala kokatuta dagoen Lemoizko itsaslabarrak natur-gunearen balio ekologiko, geologiko eta paisajistikoa eta munduko biodibertsitateari egiten dion ekarpen aberatsa, aldez aurretik aitortzetik, pasa behar da.  Hortik aurrera lan egiteko, eta ez alderantziz.

Zortzi hektarea baino ez dituen hartuko Arrain-haztegi batek, ez du konpontzen Lemoizko itsaslabarren bihotzean zentral nuklear baten eraikuntzak eta osteko 50 urteko utzikeriak  sortutako benetako ingurumen-arazoa. Hau natur-guneko zati txiki baten erabilera baino ez da, gure proposamenarekin bateragarria izan daitekeena, baina erabat eskasa da eta ez dio benetako arazoari heltzen.

Beraz, Noizko plan integral bat?, ¿Noizko natur-gunea bere hedadura eta dimentsio osoan aintzat hartuko duen plan bat?  Eta azken finean,noizko arazoa behin betiko konponduko duen plan bat? Zoritxarrez, badirudi denak berdin jarraitzen duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun