Getxoko Udalak ez ditu alokairurako diru-laguntzak kenduko, EH Bilduren eta gazte mugimenduaren presioari esker

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2019ko aza. 22a, 09:36

Getxoko EH Bilduk bere poza adierazi nahi du Getxoko Udal Gobernuak azkenean ez dituelako gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak kenduko. EAJ eta PSEren iritzi aldaketa EH Bilduk eta gazte mugimenduak egindako presio eta borrokaren ondorio da. Izan ere, Udal Gobernuak gehiengo absolutua du udalbatzan, eta, beraz, ez dute oposizioaren babesik behar euren proposamenak aurrera ateratzeko.

Azken asteetan, EH Bilduk kanpaina abiatu du herrian, Udal Gobernuak dirulaguntza hauek kenduko zituela jakin eta berehala. Getxok Bizkaia osoko alokairurik gasrestienak ditu, eta, beraz, EAJ eta PSEren erabakia oso larritzat jo zuen EH Bilduk. Diru-laguntza hauek, gainera, koalizio abertzalearen ekimenez sortu ziren. Baina EAJ eta PSEk euren gehiengo absolutua baliatu nahi zuten murrizketa sozialak ezartzeko.

Bada, EH Bildu eta gazte mugimenduaren presioari esker, Udal Gobernuak bere burua behartuta ikusi du atzera egitera, nahiz eta horretarako boto nahikoa izan udalbatzan. Kaleko presioak lortu du bulego itxietan hartzen diren erabakiak gainditzea.

Baina EAJk eta PSEk ez dute euren jarrera aldaketa publikoki azaldu nahi izan. Zintzoki eta umil jokatu beharrean, gezurraren eta manipulazioaren bidea hartu dute. Atzo, azaroak 20, prentsa-ohar bat bidali zuten EH Bilduk salatutakoa ukatuz, eta esanez Udal Gobernuak ez duela inoiz asmorik izan diru-laguntza horiek kentzeko. Prentsa-ohar hori, gainera, udal zerbitzuetatik bidali da, udal teknikariak EAJ eta PSEren interesatara jarriz.

EH Bildutik gure harridura eta haserrea adierazi nahi dugu EAJ eta PSEren jokabidearekin. Gezurretan ari dira. Gutxienez birritan jakinarazi diote EH Bilduko ordezkariei, diru-laguntza horiek kentzeko asmoa zutela. Lehenengoa urriaren 10ean izan zen. Egun horretan bilera antolatu zen EAJ eta EH Bilduko ordezkarien artean, eta bertan jeltzaleek adierazi zuten lehenengo aldiz diru-laguntza kentzeko asmoa. Aitzakia bi ipini zituzten: horretarako nahikoa langile ez zutela (behin-behineko programa bat amaituko zelako etxebizitza sailean) eta etxebizitza plangintza bat garatzen ari zirela, eta bertan etorkizunean ikusiko zutela diru-laguntzak mantendu ala ez. Baina 2020. urtean behintzat, ez zituztela mantenduko.

Urriaren 24an ere aitzakia berberak aipatu zituzten, oraingoan Ogasun Batzordean, udal aurrekontuen inguruan azalpenak ematen ari zirela, eta gainontzeko alderdi politikoetako zinegotzien aurrean.

Gaur Ogasuneko Batzordea antolatu du Udalak berriro ere, eta EH Bilduk emendakin bat aurkeztu die udal aurrekontuen proposamenari, bertan diru-laguntza mantentzea proposatuz, eta bigarren linea bat irekitzeko eskatuz. Bada, EAJk eta PSEk kontra bozkatu dute, baina aldi berean, aipatu dute diru-laguntza azkenean mantenduko dutela, beste finantziazio-iturri batzuk erabilita. Batzordea amaitu baino lehen, hori bai, udal zerbitzuek oharra bidali dute, EH Bilduren salaketak ukatuz eta Udal Gobernuaren aurpegia zurituz.

EH Bildutik gogor salatu nahi dugu EAJ eta PSEren jarrera manipulatzailea eta gezurtia, udal zerbitzuak euren menpera erabilita gainera. Euren iritzi aldaketa onartu beharrean, EH Bilduren kontra jotzea erabaki dute. Publikoki azalpenak eman beharrean, zintzo eta umil jokatu beharrean, oposizioa erasotzea erabaki dute. Bada, zuek badakizue egia: EH Bilduren eta gazte mugimenduaren presioak eragin du zuen jarrera aldaketak. Eta aurrerantzean ere, zuen gehiengo absolutua baliatu nahi duzuenean arlo sozialean murrizketak ezartzeko, aurrean izango gaituzue, instituzioetan zein kalean.

Eskerrik asko kanpaina honen zabalpenean lagundu diguzuen guztioi. Ezina ekinez egina!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun