Getxoko EH Bilduk bere poza agertu du gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak mantendu egingo direlako. Izan ere, koalizio abertzaleak azaroaren hasieran zabaldu zuenez, laguntzok ez ziren 2020rako udal-aurrekontuen proiektuan agertzen, eta horrek ezinegona eragin zuen subiranisten artean, "Bizkaia osoko alokairurik garestienak dituen udalerri honetan etxebizitzarekin lotutako dagoen diru-laguntza bakarra" galduko zelakoan.
Atzo, eguenean, aldiz, Gobernu-taldeak EH Bilduk salatutakoa ukatu eta jakinarazi zuen emantzipaziorako laguntza horiek mantenduko direla eta horiek Udalaren aurrezkiagaz finantzatzen segituko dutela, "eta ez udal-aurrekontu arruntaren bitartez". Hala, datorren urtean ere, "modu berean hornituko dira ekonomikoki, eta etxebizitzaren arlotik ere bultzatuko dira", azaldu dute udal-arduradunek.
Gazteen emantzipazioa errazteko neurri hori 2016ko gobernu-taldearen eta EH Bilduren artean adostu zuten eta ordutik, "laguntza horiek etengabe inplementatzen ari dira; 2019ko daturik ezean, 153 eskaera onartu dira 2016, 2017 eta 2018 urteetan, 140.000 euroko batez besteko esleipenarekin urtez urte. Ildo hori Udalaren aurrezkiaren kontura ezartzen jarraituko da, edo 2020. urtean Udalkutxatik etorriko diren diru-sarrera handiagoak aintzatestearen ondorioz, eta 2021. urteko aurrekontu arruntean sendotuko da", azaldu du Amaia Agirre Getxoko alkateak.
"Gezurra" vs "manipulazioa"
EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu-taldeak diru-laguntzak mantenduko dituela jakinarazteko Udalak zabaldutako oharrean aipatzen da EH Bilduk egunotan zabaltzen ibili den informazioa "gezurra" izan dela. Horren aurrean, koalizio abertzaleak gogor erantzun die udal-arduradunei; "EAJ eta PSE-EEren iritzi aldaketa onartu beharrean, EH Bilduren kontra jotzea erabaki dute". Horren denaren aurrean, koalizio abertzaleak azaldu du azaroaren hasieran zabaldutako informazioa ez dela gezurrezkoa izan, "gutxienez birritan jakinarazi ziguten diru-laguntza horiek kentzeko asmoa zegoela".
EH Bilduren arabera, EAJk eta PSE-EEk urriaren 10ean esan ziten koalizio abertzaleko ordezkariei laguntza horiek kenduko zituztela: "aitzakia bi ipini zituzten: horretarako nahikoa langile ez zutela (behin-behineko programa bat amaituko zelako etxebizitza sailean) eta etxebizitza plangintza bat garatzen ari zirela, eta bertan etorkizunean ikusiko zutela diru-laguntzak mantendu ala ez. Baina 2020. urtean behintzat, ez zituztela mantenduko".
Urriaren 24an egindako Ogasun Batzordean, aldiz, udal-aurrekontuen inguruan azalpenak ematen ari zirela ere laguntza horiek kentzeko asmoa zegoela esan zietela deitoratu du EH Bilduk, "gainontzeko alderdi politikoetako zinegotzien aurrean".
Hori dena dela eta, EH Bilduk "gogor" salatu gura izan du EAJ eta PSE-EEren "jarrera manipulatzailea eta gezurtia". Era berean, azpimarratu du udal-gobernuaren "iritzi aldaketa" EH Bilduren eta gazte mugimenduaren "presioak eragin" duela.
Emantzipaziorako diru-laguntzak
Getxoko Gobernu-taldeak zabaldutako oharraren arabera, 2018/19ko datuak abendura arte itxiko ez diren arren, aurreko deialdietan (2016/17 eta 2017/18) 421.516 euro eman ziren guztira; denera, 236 eskabide aurkeztu ziren eta horietatik 153 onartu ziren (68 ukatu eta 15 baztertu egin ziren).