Berehala antolatu zen dena, herri osoaren mobilizazioa izan zen. Deialdia publiko izan zen, ezer ezkutatu gabea. Baina ezin izan zuten egin. Madrileko Gobernuak, ekitaldiaren helburuak kezkatuta, militarrak bidali zituen Gernikara: bederatzi kamioi heldu ziren Gasteiztik apirilaren 17an, eta beste sei autobus Bilboko garnizoitik; Guardia Zibilak sarrera guztiak hartu zituen, eta, hura gutxi bazen, infanteriako soldaduak, metralaidorea eta guzti, hiribilduaren leku estrategioetan kokatu ziren.
Ehunka auto eta autobus gelditu ziren bidean, Gernikan sartzea debekatuta, ekitaldiaren antolatzaileek zer erabakiko zain. Eta itzultzea erabaki zuten, atzera egitea: Bizkaiko batzar nagusia bakean egin behar zen, ezinbestean.
Oztopoak oztopo, udalek Gernikan onartu nahi zuten adierazpenak babes handia lortu zuen: udal ordezkariek errepidean bertan sinatu zuten testua, indar eta irmo.
85 urte betetzen dira aurten, apirilak 17, eta euskal herritarrok jarraitzen dugu orduko adierazpenean jasotako ideia bat aldarrikatzen, "… en virtud del natural e inalienable derecho de los pueblos a regirse por su libre determinación.": Erabaki nahi dugu. Gure etorkizuna modu libre eta baketsuan erabaki guran segitzen dugu egun ere.
Eta erabakitzeko nahia forma ezberdina hartzen ari da Euskal Herriko udalerrietan egunotan: galdeketa egingo da hainbat tokitan 2016an eta 2017an eta erabakiaren adierazpenak aldarrikatu dira beste hainbestetan.
Ekainaren 5a Getxoren ordua izango da: Algortako Bihotz Alai plazan, ehunka getxoztar elkartuko gara Gure Esku Dago herri dinamikak deituta, Getxoko herritar batzuek, jatorri ideologiko eta kultural ezberdina dutenek, erabakitzeko eskubidearen alde prestatu duten adierazpena aurkeztu eta onesteko.
Ekitaldi jendetsu bat izatea nahi dugu, herritarren parte-hartze handiak bakarrik emango baitio adierazpenari 1931n alkateek lortu zuten indarra, irmotasuna.
Entusiasmo handiko giroa piztu zen udal ordezkarien adierazpenaren ondorioz: denbora tarte labur hartako gorabeherek herria astindu eta esnarazi zuten eta hura sinatu zuten alkateek ez zuten atsedenik hartu eta buru-belarri jardun zuten euskal estatutu baten alde lanean.
85 urte pasatu badira ere, entusiasmo berarekin bizi dugu Euskal Herrian zabaldu den dinamika eta, zentzu horretan, Getxoko adierazpena –beste herri askotan onetsiko direnekin eta egingo diren galdeketekin batera– lagungarri izatea espero dugu. Indarrez eta irmotasunez heldu diogu erabakitzeko eskubidearen aldarriari; indarrez eta irmotasunez ari gara euskal eragileen arteko itun geldiezin baten alde, eta indarrez eta irmotasunez sartzen ari gara erabakiaren aroan. Gaur, atzo bezala, erabakitzea dugu helburu, azpijokorik gabe, eta, orduan bezala ere, erabaki egingo dugu.