Milatik gora lagunek hartu dute aulkia Getxoko Biotz Alai plazan Gure Esku Dago herritarren ekimenak gaur eguerdian antolatu duen ekitaldian eta aulkia hartze horrekin argi erakutsi dute “jesartzeko, hitz egiteko, entzuteko, eztabaidatzeko eta adosteko” prest daudela, eta ariketa horrek erabakitzea ekarri behar duela laster baino berandu.
Kultur programa aberats baten erdian, non kultur adierazpen ezberdinen bidez ezberdinen arteko lanaren eta konpromisoaren ederra erakutsi nahi izan duten –txalaparta, batukada eta joaldunen perkuzioa, Laura Mintegi eta Jone Uriaren hitz jolasa, Boliviako Sangre boliviana eta Portugaleteko Elai Alai taldeen dantza eta La Clave taldearen musika klasikoa–, azken hilabeteetan jatorri ideologiko, sozial eta kultural ezberdineko 12 gizon eta emakumek osatu duten Adostasunaren Plazaklandu duen Erabakiaren adierazpena aurkeztu dute jendez lepo zegoen plazan.
“Aniztasun handiko” herritzat aurkeztu dute Getxo, “ezberdintasun ideologikoak , jatorrizkoak, ekonomikoak, kulturalak…” dituen herria dela adieraziz ekin diote adierazpenaren irakurketari, azpimarratuz, ezberdintasunak ezberdintasun, “hitza hartu dutela”, libre eta demokratikoki erabakitzeko borondateak batuta, “askatasunez erabakitzea delako demokrazia sakonaren oinarria”.
Euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako adierazpenean adierazi dutenez, “hemen bizi garenon erabaki askeak eraikiko du gure oraina eta gure etorkizuna, gizarte solidariago eta itxaropentsuagoa, guretzat eta gure ondorengoentzat”.
Urte osoko lanaren emaitza bildu duen ekitaldian Adostasunaren plazako ordezkariek “elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik, askotariko pertsonen arteko adostasunak bilatzeko konpromisoa” hartu dute Gure Esku Dagok bultzatuta eta “hausnarketa sakona eta konpartitua” egin ostean gaur aurkeztu duten adierazpena osatu dute.
Adierazpenean, besteak beste, “herri bat garela eta erabakitzeko eskubidea daukagula” azaltzeaz gainera, ariketa demokratiko hori egin nahi dutela gehitu dute, “gure ahotsa entzun dadin, gure oraina eta etorkizunaren jabe izateko, inork gure ordez ez erabakitzeko eta gizarte hobe bat lortzeko”.
“Herritar gehienen atxikimendua batuko duen akordio zabal bat” aldarrikatu dute eta adierazpen hori “getxoztarren artean zabaltzeko” lana agindu.
Ekitaldiaren amaieran, Adostasunaren Plazako kideek egindako eskaerari erantzunez, Gure Esku Dago ekimenaren bozeramaileek, irakurritako adierazpena bere egiteaz gain, adierazi dute martxan jarriko dutela hausnarketa prozesu bat Getxo ere, ahalik eta lasterren, galdeketen olatura etortzeko, eta plazan bildutakoei eskatu dieta lan eta dinamika berria babes dezatela, “galdeketa posible egingo duen prozesuak egungo egitura gainditu beharko duelako, pluralago eta indartsuagoa izan behar duelako”.
Ekitaldia bukatzeko, plazan bildutako lagunek “Erabaki nahi dut” idatzita zeukaten ehunka kartel erakutsi dute, sinbolo horren bidez bat egiteko bai Erabakiaren adierazpenarekin bai azken urteotan erabakitzeko eskubidearen alde indartzen ari den dinamikarekin.