Getxoko Erabakiaren Adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia GureEskuDagoGetxo 2016ko eka. 5a, 16:44

Jatorri ezberdinetako 12 emakume eta gizonek adosturiko adierazpena irakurri dute gaur Getxon

Aniztasun handiko herria da Getxo. Ezberdintasun ideologikoak, jatorrizkoak, ekonomikoak, kulturalak… Ezberdinak dira gure sentimenduak, gure ametsak, gure iragana. Baita hemen elkartu garen gizon-emakumeak ere. Ezberdinak gara.

Eta ezberdintasunon gainetik gai izan gara aulkia hartzeko, jesartzeko, hitz egiteko, entzuteko, eztabaidatzeko eta adosteko. Bestela esanda, hitza hartu dugu.

Libre eta demokratikoki erabakitzeko borondateak batzen gaitu, askatasunez erabakitzea delako demokrazia sakonaren oinarria.

Erabakiaren emaitzaren gainetik, erabakitzea da bizikidetza edota elkarbizitzarako oinarria, gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena. Erabakitzeko ariketen bidez geure burua ahaldundu egiten dugu. Erabakiz herri gisa azaltzen gara. Eta ozen diogu: hemen bizi garenon erabaki askeak eraikiko du gure oraina eta gure etorkizuna, gizarte solidarioago eta itxaropentsuagoa, guretzat eta gure ondorengoentzat.

Gizartearen ahotsa entzuteko ordua iritsi da, herriaren ahotsa errespetatzeko ordua. Salto egin dugu aldarrikapenetik ekintzetara; salto, borondatea izatetik borondateari bide ematera; jauzi, bidea irudikatzetik bidea egitera.

Erabakitzeko eskubidearen trena Euskal Herrira iritsi da. Iritsi da ordua. Zer garen eta zer izan nahi dugun, zelan antolatu, zelan egituratu… erabaki nahi dugu. Eta hori, hemen bizi garen pertsonei dagokigu, salbuespenik gabe.

Elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik, askotariko pertsonen arteko adostasunak bilatzeko konpromisoa hartu genuen Gure Esku Dagok bultzatuta. Hausnarketa sakona eta konpartitua egin dugu Getxoko Adostasunaren plazan eta hura oinarri hartuta, gaur eta hemen aurkezten dugun adierazpena osatu dugu.

Horregatik, Adostasunaren plaza osatzen dugun gizon-emakumeok Erabakiaren adierazpen hau adostu dugu:

Gaur, 2016ko ekainaren 5ean, askotariko sentimendu eta ideologiak dituen gizarte plural eta berebiziko bat bilduta, gure adostasuna agertzen dugu: funtsezko printzipio demokratiko bat da gure oraingo eta etorkizuneko estatusa erabakitzeko eskubidea, Euskal Herriaren burujabetasunean oinarrituta. Horregatik, hemen elkartutako getxoztarrok herriek erabakitzeko duten eskubidearekiko konpromiso sendo eta demokratikoa adierazten dugu.

Eta honako puntu hauek adierazten ditugu:

1. Herri bat gara eta erabakitzeko eskubidea daukagu.

2. Ariketa demokratiko hau egin nahi dugu, gure ahotsa entzun dadin, gure orainaren eta etorkizunaren jabe izateko, inork gure ordez ez erabakitzeko eta gizarte hobe bat lortzeko.

3. Beharrezkoa da herritar gehienen atxikimendua batuko duen akordio zabal bat. Jakin badakigu aniztasun handiko gizarte batean bizi garela eta, banatzen gaituenaren gainetik, badagoela batzen gaituen ideia bat: euskal herritarrak gara. Salbuespenik gabe. Erabaki nahiaren espresio izan behar dugu, ezberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarria.

4. Lan egingo dugu adierazpen hau getxoztarren artean zabaltzeko, haiek ere bat egin dezaten adierazpenarekin, hori baita ariketa honi zilegitasuna emateko bidea..

5. Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Azkenik, Gure Esku Dago herritarren ekimenari eskatzen diogu bere egin dezala adierazpen hau eta Getxoko Udalaren aurrean tramita dezala gure udal-erakundearen babesa ere izan dezan.

Halaber, Getxoko Gure Esku Dagori eskatzen diogu segi dezala lanean adierazpen hau zabaltzeko eta gaur eta hemen lortu duen herritarron babesa areagotzeko.

Getxo, 2016ko ekainaren 5a

Adostasunaren Plaza

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun