EtorkiZUna ehuneko ehunean

Erabiltzailearen aurpegia GureEskuDagoGetxo 2018ko mar. 7a, 15:36

Atzo aurkeztu zen Algortan aurtengo bide orria. Herri ituna eta ekainean burutuko den giza katea dira ardatz nagusiak. Getxon, dinamika bat jarri da martxan herri itunari ekarpenak egiteko. Horretarako, ehun boluntario behar dira.

Hainbat arrazoirengatik (orain arte egin dugun lanaren oihartzunagatik, eratu dugun ehun sozialagatik eta gure herriak bizi duen koiuntura politikoagatik), uste dugu une garrantzitsu batean gaudela eta jauzi kualitatibo bat egiteko ordua iritsi dela.

Prozesu bat abiatu dugu Euskal Herri osoan, herritarren itun bat egitera eramango gaituena (2019 arrazoi erabakitzeko) eta Getxon ere gure zergatiak eta zertarakoak gehitu nahi ditugu.

Prozesua lau urte hauetan sortu dugun ehunetik abiatu gura dugu, parte-hartze ehuneko ehun herritar eta demokratiko batetik. Baina, ezinbestekoa da ZUK ere parte hartzea, herritarrona izango bada.

Prozesua behar bezala egiteko, 100 boluntario behar ditugu eta zu horietako bat izatea proposatzen dizugu. Prest bazaude (edo zer edo zer galdetu nahi badiguzu), bidali zure izena gureeskudagogetxo@gmail.com helbidera eta harremanetan jarriko gara zurekin (boluntarioak izena emandako hurrenkeran hautatuko ditugu, behar ditugun guztiak bildu arte).

Animo: EtorkiZUna Gure Esku Dago!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun