Halere, beste bide desberdinak erabili ditut nire kultura zabaltzeko, besteak beste, musika, pintura eta, batez ere, filmak.
Nire filmik gustukoenetariko bat Mel Gibsonen “Braveheart” da. Film hori esaldi honekin hasten da: “William Wallace-ri buruz hitz egingo dizuet. Ingelesek gezurtia naizela esango dute, baina heroiak urkatzen dituztenak dira Historia idazten dutenak”.
“300” filmean, bestaldetik, beste esaldi xelebre bat aurkitzen dugu. Jerjes-ek Leonidas konbentzitu nahi du borroka saihesteko, baina Espartako erregeak eskaintza errefusatzen du. Orduan persiarrak, irmo, erantzuten dio: “emankorra naiz, baina errukigabea ere. Espartako oroipena ere Historiatik ezabatuko dut. Zuen sakrifizioan ez da loriarik izango. Inork ez du jakingo”.
Aste honetan, Oroimenaren Eguna ospatzen ari garenez, esaldi hauek nire burura datozkit. Hainbat herritan hitzaldi batzuk antolatu egin dira gure nagusien istorioak entzuteko, guda eta diktadura sufritu duten istorioak. Haiek ez dute Historia idatzi, baina beren hitzetan ez dut gorrotoaren arrastorik ikusi ere. Beren mezua ez da nortzuk diren onak edo gaiztoak salatzea. Haratago doaz. Inportanteena, beren hitzetan, iraganeko akatsak berriro ez egitea eta orain dugun bizi-kalitatea merezi duen neurrian baloratzea da. Mezu xumea baina oso baliagarria, nik uste.