…XVIII. mendera arte, Ingalaterra lorategi-estilo frantsesaren eraginpean egon zen. Estilo hori izugarri formala, egituratua, simetrikoa eta geometrikoa zen, eta natura domestikatu bat eskaintzea zuen helburu. Estilo horrekiko erreakzio modura, bestelako estetika bat nagusitu zen, lehentasuna ematen ziona naturaren berraurkikunde bati, bere alderdi basati eta poetikoari erreparatuta. Helburua jadanik ez zen natura kontrolatzea, baizik eta naturaz gozatzea.”
Ingeles lorategiak zeharkatzen dituzten bideak ibiltarien oinatzek markatzen duten gainetik, bihurgunetsu eta kiribilduak, antolatu ohi dira halako moduan, non ibiltariari aukera ematen baitiote elementu natural deigarri bat ondo ikusteko. “Lorategi-estilo honek ibiltariari toki itxi bat ez, baizik eta paisaia ireki bat eskaini nahi dio. Paisaia lantzen da. Natura imitatzen da.”
Argi daukat konparazioa pittin bat behartuta dagoela, baina testu honek gaur egungo politikako bide berriak burura erakartzen dizkit. Gure gizartea heldua da, politikarekiko harreman berriak eskatuz. Beraz, politikarien rola laguntzailearena izan behar da, ez gidari, eta ingurune honetan komunikazioa eta partaidetzaren aldeko gure apustua irmoa izan behar da. Gauza ez da bide berriak eraikitzea, baizik eta herritarrek aukeratzen dituzten bideak egokitzea eta adostea.
“Ingeles lorategian, helburua da ibiltaria askatasunez mugitzea alde batera eta bestera, "eguraste poetiko" batean; horregatik, ez dago lerro zuzeneko etorbiderik, ibiltariaren nondik-norakoa gidatzen duenik; aitzitik, bideak bihurgunetsuak dira, eta sorpresari eta toki ezberdinen deskubrimenduari ere garrantzia eta zeresana ematen zaio.”
“Urtaroaren eta eguneko unearen arabera, ingeles lorategiak sentsazio eta ikuspegi ezberdinak eskaintzen ditu. Elementuen metamorfosiaren ondorioz, etengabe berritzen ari den tokia da lorategia.”