Asteartean Guardia Zibilak Ezker Abertzaleko hainbat kide atxilotu zituen, "terrorismoa goratzea" leporatuta, Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide ohiaren omenaldi-ekitaldian parte hartzeagatik.
Arkaitz Rodrigezen hitzetan, "Estatu espainolak bere biolentzia erabiltzen jarraitzen du, dispertsioa biolentzia delako, egungo salbuespeneko politika penitentziarioari eustea biolentzia delako, gaixorik diren presoak espetxean mantentzea biolentzia delako eta garaileen eta garaituen kontaketa bat inposatzen saiatzea ere biolentzia delako. Argi eta garbi esan beharra dago, beraz, biolentzia guztiak ez direla desagertu herri honetatik, zoritxarrez". Sorturen iritziz, jarrera horrek "biolentziarik gabe bai Euskal Herriak bai Kataluniak lehenago edo beranduago bere askatasunaren Estatu propioa eraikitzearen eta independentziaren aldeko hautua" egingo duenaren beldurrari erantzuten dio. Modu berean, "kontaketa baten inposaketa" onartuko ez dutela adierazi dute.
Zentzu berean mintzatu da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu. Bere esanetan, "herri honetako sektore batzuekiko errepresio eta indarkeria ez dira desagertu".
Gertakari horien aurrean, Ezker Abertzaleak sostengatutako Kalera Kalera dinamikak elkarretaratzeak deitu zituen Euskal Herriko hainbat tokitan, tartean Uribe Kostan ere. Algortan Telletxe plazan elkartu ziren hamarnaka herritar, "bakearen eta askatasunaren alde, ez gaituzue geldituko!" goiburupean. Kontu bera egin zuten bai Itzubaltzetan eta baita Leioan ere.