Sopelako alkatetza: dena erabakitzeko dago!

Erabiltzailearen aurpegia Sopelako EH Bildu 2019ko eka. 13a, 12:30

Ekainaren 15ean jakingo dugu nor izango den Sopelako alkate berria. Alderdien arteko negoziazioak aurrera (omen) doaz. Aste honetan hainbat proposamen berri agertu dira, bai EH Bilduren aldetik, bai DB-TU taldearen aldetik ere.

Hauteskundeen balorazioa egin ondoren, Sopelako EH Bilduk proposamen zehatza egin die Elkarrekin Podemos eta DB-Tu alderdiei. Eraldaketa eta politika aurrerakoiak bultzatuko dituen hiruko udal gobernu bat osatzeko proposamen zehatza. Elkarrekin Podemos lankidetza horren alde agertu da. DB-TU alderdia, ordea, kontraproposamen bat plazaratu dio EH Bilduri: EAJ-rekin batera EH Bildu eta DB-TU alderdien arteko udal gobernu bat osatzea, printzipioz PSE eta Elkarrekin Podemos bazterrean utzita.

Hasieratik erakutsi genuen gure harridura proposamen honekiko. Alde batetik, ez du edukirik aipatzen inolako programaren inguruan, hau da, proposamen honek ez du zertarako gobernatuko dugun adierazten. Bestetik, EAJ eta EH Bilduko ereduen arteko desberdintasunak ez ditu aintzat hartzen. Eta azkenik, proposamen hori ez dator EAJtik zuzenean. Izan ere, EAJ oraindik ez da Sopelako EH Bildurekin kontaktuan jarri. Sopelako komunikabide batek horrela definitzen zuen DB-TUren proposamena: harrigarria, partidista, irreala.

EH Bildun gardentasunez jokatu dugu eta hasieratik jakinarazi genien bai DB-TUko lagunei, bai Sopelari orokorrean, DB-TUren proposamen horrekin ez genuela bat egiten eta gure gobernu akordio aurrerakoiarekin jarraitzeko borondatea genuela. Argi utzi nahi dugu, EAJrekin gobernu partekatu bat egitearen proposamena ez dugula EAJtik jaso: izan ere, oraindik ere EAJ ez da gurekin kontaktuan jarri iritziak partekatzeko. Zenbait komunikabidek EH Bilduren erantzuna jaso dute (El Correo eta Deia, kasu) eta titularrak irakurrita, ematen du proposamen hori Sopelako indarrik bozkatuarena dela: jadanik PSErekin udalaz gaindiko akordio bat duen EAJrena, alegia. Eta hori ez da egia.

Gauzak horrela, alkatetza lortzeko akordiorik ez dago mahai gainean, oraingoz. Guk gure bidea jarraituko dugu. Sopelako egoera eraldatuko duen alternatiba partekatu baten alde, Elkarrekin Podemos eta DB-TUren adostasunaren bila. Dena dela, EH Bilduren azken erabakia, bihar berretsiko da ezkerreko indar independentistak antolatuko duen asanblada baten baitan. Dena dago erabakitzeko!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun