Udal-hauteskundeak 2019

Udal gobernua osatzeko negoziazioek aurrera jarraitzen dute, alkatea aukeratzeko 24 ordu baino gutxiago falta direla

Unai Brea 2019ko eka. 14a, 12:27

Maiatzaren 26ko hauteskundeen emaitzek zinegotzi bakarra lortu duen Denok Bateraren (DB) esku utzi dute datozen lau urteetako udal gobernuan nor egongo den erabakitzeko giltza. Mahai-gainean ipini duten proposamena EAJk, EH Bilduk eta DBk berak osatutako gobernua eratzea izan da. EH Bilduk ez du onartu, eta hiruko akordioa proposatu du, Elkarrekin Podemos ere barne hartuko lukeena.

Hauteskunde-emaitzen aritmetikak Denok Baterari eman dio giltza. EAJk (7 zinegotzi) ez du nahikoa izango PSE-EEren babesa (zinegotzi bat) zapatu goizean egingo den ezohiko osoko bilkuran alkatetza ziurtatzeko. Jeltzale eta sozialisten baturak adina zinegotzi ditu EH Bilduk (6) eta Elkarrekin Podemos (2) bikoteak, eta argi dirudi bien arteko adostasuna dagoela aginte-makila lehenbizikoen esku egon dadin.

Berdinketa hautsi dezakeen indarrak, DBk, ezusteko proposamena ipini du mahai-gainean: Sopelako Gobernu Batzordean EAJren zinegotzi bi eta EH Bilduren beste bi egotea. Batzordeko bosgarren kidea DBren zinegotzia bera izango litzateke, eta alkatea EAJrena edo EH Bildurena izango litzatekeen adostea alderdi bi horien esku uzten dute. Baita ere kargu horietako bat PSE-EEren edo Elkarrekin Podemosen esku uztea. Izan ere, blokeen arteko ia erabateko berdinketa egon dela dio DBk: "Blokeez berba egiten dugu aurreko legegintzaldian PSEren zinegotzi bakarrak, praktikan, EAJkoa bailitzan jardun baitu, eta bere burua Podemosen ordezkaritzat agertzen zuen zinegotzi transfugak, berriz [2015ean Denok Bateraren hautagaitzan joan zen eta aurten Elkarrekin Podemosen zerrendaburua izan den zinegotziaz ari dira], EH Bildurena balitz bezala".

Horren aurrean "lankidetza eta kontsentsua" bultzatu gura dituela aldarrikatu du DBk. "Sopelako Udal Gobernurako hautagai posible bakar bien artean (EAJ eta EH Bildu) jarrera bat hartzeko erantzukizuna dugu orain, baina ez gara bietako batez ere fio, orain arte izan dute jarduna dela eta", azaldu dute. Proposatu duten gobernuak aldez aurretik hartutako akordioak errespetatuko dituela ziurtatzeko, "alkatetza eskuratzen ez duen taldeak konpromisoa hartu beharko luke zentsura-mozioa babesteko, agerikoa balitz akordiook betetzen ez direla".

EAJgaz batera gobernatzea zentzu bakoa da EH Bildurentzat    

EH Bilduk erantzun egin dio DBren proposamenari, esanez EAJgaz gobernu iraunkor bat osatzeak ez duela zentzurik eurentzat, batzuek eta besteek "oso herri-eredu ezberdinak" baitituzte hainbat alorretan: etxebizitza, parte-hartzea, mugikortasuna, ingurumena... Koalizioren ustez, ezberdintasun horiek "kontraesan kudeaezinak" sortuko lituzke udal gobernuan. "Akordioak osoko bilkuretan eta batzordeetan emango dira, ematekotan", esan dute.

EH Bilduren alternatiba, honenbestez, Elkarrekin Podemos eta DBgaz batera hiruko gobernua osatzea da, "aurrerakoia, herritarrekiko harreman hurbilean oinarritua, eta akordio zehatz bat izango lukeena abiapuntu". Adierazi dutenez, Elkarrekin Podemos prest agertu da proposamen hori onartzeko.

"Ez dago erdibidean jartzerik, hautagaitza baten alde ez bozkatzeak, praktikan, alkatetza EAJri ematea baita", azaldu diote EH Bilduko iturriek HIRUKAri. Izan ere, EAJren eta EH Bilduren hautagaitzak berdinduta geratzekotan, zerrenda bozkatuenarentzat litzateke aginte-makila.

[Ikusi hemen EH Bilduk HIRUKAren Komunitatea sailean idatzitako iritzia]

DB, EAJren zain

Denok Baterako Jon Gerediagaren esanetan, bere alderdiak ez du oraindino erabakirik hartu zapatuan bozkatuko duenaz, besteak beste EAJren erantzunaren zain dagoelako. "EH Bilduren erantzunaren berri hedabideen bidez jaso dugu", zehaztu du, "behin betiko erantzuna dirudi baina jakin badakigu azken segundora arte gauzak alda litezkeela". Horregatik, zapatu goizera arte ezin izango dela ezer segurutzat eman iragarri du DBko zinegotziak. Edozein kasutan, erabakia beste alderdien jarrerak ezagutu ostean eta batzarrean adostuta hartuko dutela nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun