60. hamarkadan militatzen hasi zineten belaunaldiko kide zara. Orduko garaietan, zeintzuk ziren zuen erreferente historikoak? Zer balio ematen zenioten iraganaren kontakizunari? Nola, eta zertarako lantzen zenuten?
Hamarkada horretako erreferenteak bi ziren: 36ko gudako gudariak eta herri borrokalaria; eta, bestetik, hirugarren munduan sortzen ari ziren mota askotariko iraultza eta askapen mugimenduak, hala nola Argeliako askapen mugimendua, Kubako iraultza, Che Guevara...
Dena den, gure gaztaroan, kontzientziazio bide nagusia ez zen aurrekoen memoria, egunerokoan bizi genuen errealitatearen azterketa baizik, eta hori eskola sozialen bidez egiten genuen. Bestetik, ekin, ekin eta ekin: euskarazko klaseak ematen, ikastolak bultzatzen, eskola publikoen euskalduntzea sustatzen, auzo elkarteak sortzen, Bandas bezalako grebak indartzen...
Eta gaur egun? Kontakizunaren guda deritzona bolo-bolo dabil, eta memoriaren lanketak inoiz baino pisu handiagoa duela dirudi. Zergatik? Gaur egun nola landu behar dugu memoria? Zer helbururekin?
>Gaur egun "kontakizun historikoak" garrantzia handia du. Zergatik? 40 urte hauetan Euskal Herria izan delako "78ko Erregimena" kolokan jarri duen herria, eta hori ezkutatzeak berebiziko garrantzia duelako sistemarentzat eta PNV bezalako alderdientzat.
Belaunaldi berrientzat garrantzi handia dute galdera hauei ematen zaien erantzunek: Gure borrokak merezi izan du? Galtzaileak gara? Ala borroka asko galdu arren, gerra irabazten ari gara eta Euskal Estatua askoz hurbilago dugu? Galtzaileen alde inork ez du apusturik egiten; irabazlearen alde, bai. Akats guztien gainetik, egia kontatuz Ezker Abertzalea irabazlea da.
Ziklo historiko berri baten atarian gaudela iritzi du Ezker Abertzaleak, eta ziklo horri aurre egiteko, epika berriak behar direla, batez lanketak epika horren eraikuntzan? Eta nola heldu iragana bizi izan ez duten gazte horiengana?
Bai, egia da. Ziklo historiko berri baten atarian gaude. Eta horren adibide dira egun hauetan agertu diren bi argazki. Batetik, Ortzi Diputatua ageri da, 1978ko Konstituzioaren eztabaidan autodeterminazioa defendatzen eta, "Gora Euskadi" oihu egin ondoren, alde egiten. Diputatu bakarra izan zen hori defendatu zuena. 42 urte beranduago 29 diputatu izango dira eskubide hori sutsuki defendatuko dutenak. Aurrera goaz, ala atzera?
Eta nazio kontzientzian bezala, beste garaipen asko ditugu: Euskal Herria zentral nuklearrik gabeko herria dugu herri honen borrokari esker (lau zentral nuklear planifikatu zituen frankismoak), euskarak aurrerapen handia ezagutu du, borroka eta grebei esker estatu mailako soldata onenak ditugu, emakumeen mugimendua eredugarria izaten ari da eta gazteria inon baina antolatuago dago.
Bukatzeko, eta zure esperientziatik. Mundu aldakor honetan, zeinetan dena den berehalakoa, eta berehala iraungitzen dena, nola heldu jendearengana gai honekin?
Ez da erraza. Momentu zailak tokatzen ari zaizkigu, eta batez ere gazteei. Sistema oso agresibo jokatzen ari da alor guztietan: lan munduan basakeria da nagusi, "mozal legeak" inoiz baino gaurkotasun gehiago du, etxebizitzak oso garestiak dira...
Bestetik, egia da gizartea asko aldatu egin dela, indibidualistagoak garela. Baina, hala ere, badago esperantzarako tarterik. Katalunian dagoen mobilizazio herritarrak eta Tsunami Demokratikoak duten eragina ikusita, ez al da epika pizteko modukoa? Euskal Estatua sortze bidean, autodeterminazio eskubidea gizarteratzeko aukera handiak ditugu, eta gure sukaldetik multinazionalak botatzea posible egiten ari gara (Labore, Goiener, Banka etikoa, seguru etikoak). Badago etorkizunik, eta gazteena da, gazteen esku dago.