Ugeragak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 15a, 16:03

Orain 25 urte kluba sortu zenetik, edozein mailatako futbol, txirrindularitza eta saskibaloi taldeetan aritu diren lagun guztiak, irailaren 17an Urkon egingo den ospakizunean parte hartzera gonbidatu ditu Ugeraga Kirol Elkarteak. Baita bazkide direnak eta izandakoak, zaletuak eta, orohar, taldearekin bat egiten duen edonor ere. Horretaz gain, oparitxoa jasoko dute antzinako Larrabasterra futbol taldeko kideek eta, sortu zenetik, Ugeragako talde nagusian jardun diren zuzendari, futbolari eta entrenatzaile ohiei. Besteak beste, kirol jarduerak, haurrentzako jokoak eta erromeria hartuko ditu 10:00etan hasiko den ospakizunak. Argazkian, Ugeragako neskak (2004-05).

Ugeraga Kirol Elkartea 1980-81 denboraldian sortu zen, lehenengo lehendakaria Cefe Amarika izan zelarik. Denboraldi horretan, bigarren erregionalean jokatzen zuen futbol talde bakarra zeukan klubak. Ugeragak federazioak homologaturiko instalaziorik ez zuenez, Plentzia eta Neguriko zelaietan jolasten zituen partidak, Sopelako Urkoko instalazioak zabaldu ziren arte. Horiek 1983-84 denboraldian inauguratu ziren Athletic eta Bizkaiko jokalari onenen konbinatuaren arteko partidu adiskidetsu baten bitartez. Taldea 1985-86ko denboraldian lortu zuen preferente mailarako igoera. Gaur egun, mailan horretan jarraitzen du.

Denboran haziz

Baina guztia ez da futbola eta are gutxiago mutilentzakoa bakarrik. 1982an saskibaloia eta txirrindularitza atalak sortu ziren. Hauek Ugeraga Kirol Elkarteko partaide bihurtu ziren. 1996an, berriz, Jose Luis Palomarren zuzendaritzapean, nesken futbol talde erregionala gehitu zitzaien. Gainera, taldeen ugalketa honi, azken urteotan Urkok izan dituen hobekuntzak gehitu behar zaizkio, klubeko arduradunek diotenez. 2002ko azaroan bostehun pertsonentzako lekua duen saskibaloi kantxa berri bat eta belar artifizialez egindako futbol-zelai berria zabaldu ziren. Bi hauek iraganean saskibaloi kantxa eta areazko futbol zelaia zeuden lekuan eraiki ziren.

Larunbaterako egitaraua:

10:00 Kadete mailako futbol partida: Athletic - Ugeraga.

11:00-14:00 / 16:00-20:00 Haur Parkea: Jumping, surf taula, eskalada murru puzgarria, rodeoa, basket kantxa eta ludoteka.

11:30 Gazte mailako txapelketa triangeluarra: Santutxu - Danok Bat - Ugeraga.

Amaitutakoan txapelketako sariak banatu eta oparitxoa emango zaie Ugeragako talde nagusian jardun diren zuzendari, futbolari eta entrenatzaile ohiei, baina gaur egun horren kide direnei.

14:00 Herri bazkaria, dohainik.

18:00 Erregionaleko lehenengo mailako partida: Ugeraga - Galea.

18:00-20:00 Erromeria Trio Iruki taldearen eskutik.

Egun osoan zehar, trikitrixa, orkestra eta fanfarreak alaitu du giroa. Jaiari amaiera emateko: suzko zezena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun