Iñigo Ruiz de Gauna, "Ruso", Portugaleteko euskal presoa aske gelditu zen atzo ezarritako lau urteko kartzela zigorra bete ostean. Ruiz de Gauna Topas espetxetik irten zen eta Portugaletera heldu zenean, 20:30ak aldera, 150 bat pertsonak harrera egin zion. Era berean, Askatasunak jakinarazi duenez, bihar, ostirala, arratsaldeko 20:00etan, Solar plazan ongi etorri ofiziala egingo diote "Ruso"ri.
"Ertzaintzak kalean jipoitu ondoren" atxilotu zuten Ruiz de Gauna 1996ko irailaren 6an, Portugaleten, Askatasunak bidalitako prentsa-oharraren arabera. "Ruso" hilabete t'erdiz egon zen Basauriko espetxean, fidantzarik gabe aske gelditu arte. 2000ko otsailean epaitu zuten, baita 4 urteko espetxe zigorra ezarri ere. Zigor hori betetzeko, 2001eko azaroaren 2an atxilotu zuten berriro eta ordutik Basaurin eta Topasen izan da. Azken kartzela horretan, Euskal Herritik 482 kilometrotara, 2003ko otsailaren 22tik aurrera egon da.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.