Aralarrek proposatutako Hizkuntz Normalizaziorako batzordea sortzea baztertu dute EAEko legebiltzarreko talde guztiek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 15a, 17:44

Eusko Legebiltzarreko batzordeak eratzeko bozeramaleen batzordeak egindako bileran, Aralarrek Hizkuntz Normalizaziorako batzordea eratzea proposatu du gaur. Proposamen hori legealdi honetan euskarari Aralarretik eman nahi zaion bultzadaren barruan kokatu beharko litzateke. Zenbat batzorde, zenbat gairen ingurukoak eta zenbat kiderekin eztabaidatu behar zuen bozeramaleen batzordera eraman du proposamena Aralarrek eta, alderdi horren harridurarako talde guztiek baztertu egin dute Hizkuntz Normalizaziorako batzordea sortzea.

Aralarrek proposamen bi eraman ditu batzordeen eraketa eztabaidatu behar zuen bozeramaleen batzordera. Bata Lurralde antolaketa, Garraioa eta Ingurumen batzordea bi edo hiru ataletan banatzea zen. Aralarren irudiko, batzorde horretan sartzen diren gaiak gobernuan hiru sailetan banatuta daude eta han aztertzen diren gaietako batzuek, ingurumenari lotutakoak esate baterako, badute nahikoa garrantzi beren aldetik batzorde zehatz batean aztertzeko. Aralarren harridurarako hirukoak eta EHAK-k uko egin diote batzorde hori bereizteko egindako proposamenari.

Era berean, bigarren proposamena arestian aipatutako hizkuntz normalizaziorako batzordea sortzearena izan da. Legealdi honetan Aralarren ustez euskararen normalizazioan aurrerapausu nabarmenak eman beharko lirateeke eta planteamendu horren barruan proposatu du batzorde berri hori. Kontuan izan behar da, esate baterako, udaletxe askotan batzorde bereziak daudela euskararen gaiari lotuta. Aurreko gaiarekin baino harridura handiagoa hartu du Aralarrek talde batek berak ere ez duelako proposamena onartu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun